Sara Azurza
'Ekografiak'

Menderaezinak

2025eko urriaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaztaroa, kontrola eta askatasunaren ametsa, telesail ilun eta hipnotiko batean. Wayward horietakoa da: isiltasunaren eta oihartzunaren artean kokatutako istorio bat, gaztaroaren mina eta kontrolaren ilusioa elkarri begira jartzen dituena. Mae Martinek sortu eta antzezten duen lan horrek akademia baten itzalak eta komunitate baten istorioa kontatzen ditu, nerabeen traumetatik abiatuta, Tall Pines Akademiaren hormen artean.

Leila eta Abbie dira abiapuntua: bi nerabe, lagunegiak izateagatik arazo bihurtu direnak, eta Tall Pines Akademiara bidali dituzte. Han, gurasoei promes egiten diete bide zuzenera itzuliko direla, baina laster ohartzen dira bide horrek ez duela argirik, baizik eta kontrakoa. Leilak eta Abbiek jatorri oso desberdina dute: bata familia dirudun batean jaioa da; bestea, berriz, ahizparen heriotzaren erruarekin bizi da, drogaren eta doluaren artean galduta. Bi mundu desberdin horiek bat egiten dute lehenik institutuan eta gero Tall Pinesen pareten artean, non errua, boterea eta kontrola eguneroko ogi bihurtzen diren.

Beste plano batean, Alex Dempsey (Martin bera) eta Laura (Sarah Gadon) agertzen dira, beste herri batean bizimodu eta familia berria hasteko asmoz. Baina iragana ez da desagertzen, eta Lauraren memorian dantzan hasten da zerbait ezkutua: trauma, kontrola, oroimenaren itzala. Toni Collettek Evelyn Wade interpretatzen du, Akademiako zuzendari karismatiko eta hotza, sendatzea predikatzen duen arren menpekotasuna eta beldurra elikatzen dituena. Jauzia deituriko erritual batean, ikasleak euren traumen aurrean biluzten dira; sendatzea agintzen diete, baina beldurraren eta obedientziaren bidez gauzatzen da eraldaketa hori.

Telesailaren amaieran, errealitatea eta irudimena nahasi egiten dira: ihesaldia, amatasuna, kontrol soziala eta askatasunaren ametsa, kate berean lotuta. Azkenean, bi istorioak elkartzen dira, baina ez dago amaiera garbirik, ezta salbaziorik ere. Eta galdetzen dut: zein da guri gustatuko litzaigukeen amaiera? Nik argi dut.

Ez da gehien gustatu zaidan telesaila —nire gusturako, fikzio gehiegi du, eta ez dizu benetan ezer pizten—, baina aproposa da igande euritsu batean ikusteko, suspenseak ezer ez pentsatzera gonbidatzen zaituzten telesail horietako bat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.