Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Monokromatismoa

2024ko apirilaren 7a
05:00
Entzun

Irakasleok ongi dakigu Pazko astearen ondoren ikasturtea azken txanpan sartzen dela, eta presioa areagotzen dela ikasleengan, esku batekin zenbatzen baitira geratzen diren asteak, eta metatzen dira aurkeztu beharreko lanak, non ikasitakoa erakutsi behar duten. Irratiko ikasleen kasuan, azken talde lana egin behar dute: irratsaio edo podcast bat, alegia. Lana errazteko, irratsaio eredugarri batzuen eta euskarazko podcasten zerrenda egin nien, erreferente edo eredu moduan erabili zitzaten edo faltan sumatzen zuten hutsunea bete zezaten.

Zutabe honetara dagoeneko ekarri dudan ezaugarria agerian geratu zen euskal podcastgintzaren lehenengo azterketa batean: irrati programazioetan aurkitzen ez ditugun gaien inguruko saioak topatzen ditugu bereziki. Ez dut esan nahi magazinetan ez dela naturaz, nekazaritzaz, osasunaz, zientziaz, historiaz edo teknologiaz hitz egiten, edo feminismoa, migrazioa eta buru-osasuna ez direla mintzagaiak; saio oso bat nekez eskaintzen zaiela baizik.

Jasotako ehundik gora saioetan gai eta formatuen aniztasuna nabaria da, baina ez dago analisi politikoz mozorroturiko tertuliarik edo gizonezkoen futbolari buruzko jatorrizko edo berezko podcastik. Ez da beharrezkoa. Horiek bereziki betetzen baitituzte ohiko dialaren programazioak. Zer esan hauteskunde kanpainan murgilduta gauden honetan (noiz ez gaude kanpainan?). Berdin du zein den sintonizatzen dugun irrati-kate jeneralista, ñabardura txiki batzuekin —solaskideak aldatzen dira—, guztietan protagonistak eta gaiak errepikatzen baitira.

Ikertzen hasi ginenetik tertulietan emakumeen presentzia handitu bada ere, bereziki kate publikoetan, sentsazioa dut orokorrean gizonezkoen ahotsak ugaritu direla goizeko saioetan, eta ez soilik irratien bira egiten ari diren EAEko lehendakarigai gehienak gizonezkoak direlako. Esaterako, Radio Euskadin gaurkotasunari umorez begiratzen dion dei galduan agertzen diren ia pertsonaia guztiak ere gizonezkoak dira, antza protagonista femeninoak imitatzen dituen ahotsik ez dagoelako. Ez da anekdota hutsa, eta okerrena da ia inork ez diola horri erreparatzen, normaltzat jotzen baita emakumerik ez agertzea.

Dial monokromatiko honetan nekez topatzen dute gazteek haien nahi eta gustuei erantzuten dien saiorik, eta, ondorioz, podcasten kolore-paletan bilatzen dituzte ereduak. Orain entzun beharko haien proposamenak, entzuleriaren presiorik gabe sormena baitute muga bakarra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.