Lide Hernando.
Telebista

Mundu hau ulertzen

2024ko maiatzaren 21a
05:00
Entzun

Jende gehienak bezala, nik ere podcastak entzuten ditut noizean behin. Gehienbat autoan bidaia luzeak egin behar ditudanean entzun ohi ditut; bidaia bera dezente entretenigarriagoa egiteaz gain, gauza asko ikasteko aukera ere ematen didatelako. Gaurkoan podcasten gaia atera badut, hain justu, nire azken aldiko gogokoenetako batek telebistarako bertsioa sortu duelako da: saioak Geopolis du izena, eta La2 katean ematen dute igandero, 20:00etan.

Podcastak ez du izen bera. No es el fin del mundo du izena, eta lagun batek gomendatu zidan duela hilabete batzuk. Bertan, Nazioarteko Harremanen ikasketak egin dituzten hogeitaka urteko gaztetxo batzuek —iraingarriki gazteak, bide batez— nazioarteko politika aztertzen dute tonu alai eta entretenigarrian, saioz saio munduko eremu edota gai berezi batean oinarrituta. El Orden Mundial izeneko Internet bidezko hedabide baten sortzaile dira; bertan nazioarteko gaien inguruko analisiak, mapak eta artikuluak idazten dituzte. Podcastera itzuliz, gogoan dut Errusiari buruzkoa entzun nuela lehenbizi: herrialdearen sorreratik gaur egungo egoerara bitarteko tarte luzea laburbildu zuten hiru lagunek, ordu eta erdiko saioan. Podcastak baditu azpimarratzeko beste saio batzuk ere: Ruandako genozidioari buruzkoa, Donald Trumpen edota Javier Mileiren psikologian sakontzen dutenekoa, narkotrafikoaren geopolitikari buruzkoa…

Orain, ordea —eta horrexegatik artikulu hau—, telebistara egin dute salto No es el fin del mundo podcasteko kideek, Geopolis izeneko saio baten bitartez. Silvia Intxaurrondok aurkezten du ordu erdiko saioa, eta bertan, gure eguneroko bizitzako alderdi guzti-guztietan, kosmetikatik gastronomiara, sare sozialetatik edo Eurovision jaialditik igaroz, nazioarteko politikak zenbaterainoko eragina duen aztertzen dute. Podcasteko Eduardo Saldaña, Fernando Arancon, Blas Moreno eta Alba Leivak, Intxaurrondok emandako zertzeladei xehetasunak gehitzen dizkiete ikus-entzunezko formatu horretan. Egia da ordu erdi batek ez duela ematen luzera libreko podcast batek ematen duen sakontasunerako aukera, eta telebistak beti duela puntu ofizialistago eta, beraz, artifizialago bat; baina, hala ere, oso saio interesgarri eta landua gelditu zaiela uste dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.