Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Mutatu aurretik

2017ko otsailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Spotify ere Goya sarietan gertatutakoarekin abantaila ateratzen ari da, eta No hay tanto pan abestia hainbat zerrendetan gehitu du. Atzo, eguneko kanta izendatu zuen erreprodukzio bakoitzeko musikariei dirua ematen dien plataforma digitalak. Silvia Perez Cruz bikainaren ahots zorrotz eta leuna biralizatu egin da, espainiar zinemaren sari banaketan egindako agerraldiari esker. Horren aurretik lan berdinagatik saritu zuten Cruz Kataluniako zinemaren sarietan. Sari banaketa hartan, sistemaren kontrako eskabideak inplizituki agertu ohi dira, eta agian horregatik, ekintzak espektakularizaziotik at daudela Espainian baino arras hobeto ulertzen da. Ez dut esan nahi Goyetan Cruzen ekintza espektakulua izan zenik, baizik eta espainiar hedabideek espektakulu tratamendua emateko joera daukatela.

Zinema, aktoreak eta sarien sukaldera sartzen bagara, bada burura etor dakigukeen telesaila: Paquita Salas. Umore zaleak bazarete, eta asteburuetako telebista eskaintzak nekatu bazaituzte, aukera aproposa da 90. hamarkadako naftalina usaindun managerraren istorioak jarraitzea. Telesaila da Paquita Salas, baina Internet bidez ikus daiteke —NEOXek emititu zuen—. Doako Flooxer plataforman topa dezakegu aurreko urteko uztaila eta urria bitartean ekoitzitako lana. Lantaldea talentudun gazteek osatzen dute: Javier Calvo eta Javier Ambrossi zuzendarien gidaritzapean dira Brays Efe —aktore puska—, Belen Cuesta, Lidia San Jose, Macarena Garcia edota Maxim Iglesias.

Internet bidezko telebistari arreta apur bat jartzeko parada ematen duen lanak bost atal ditu, 30 minutakoa bakoitza. Atal bakoitzaren amaieran making off-ak erakutsi ohi ditu, baita aktoreekin izandako elkarrizketak ere. Dudarik ez, ezinbesteko beita barregarria biltzen duela amaierak. Gaiak anitzak dira: sistema kultural instituzionalizatuari kritika egiten diote, genero berdintasuna, aniztasun kulturala... Hollywooden ibilbide oparoa zuela asmatuta, ziria sartu zigun Anna Allenen kasua ulertzeko giltza da. Bide batez, gaur egun lixibarik gabeko garbigarria iragartzen du.

Telebista edo saioak ikusteko aukera berriak eskaintzen dituzten plataformetan erreparatzeko aukera da Salas. Nola deitu behar ditugu espazio birtual horiek? Argi dago, telebista ez da hilko baldin eta mutatzen badaki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.