Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

'My-tasuna'

2017ko apirilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lo que necesitas es amor 1993an estreinatu zuten. 2017an, 24 urteren ostean, All you need is love telebistaratuko du Tele5k. Azaldu digutenari erreparatzen badiogu, soka bereko saioak dira: karabana batek maitasuna deritzonaren bidea egingo du. Haatik, hilabetez iragarri duten formatu birziklatuan hainbat berritasun dira. Adibidez, oraingoan maitasun aitortzak egiteaz gain, bikotekidearekin harremana mozteko plaza eskainiko dute. Tira, hainbat kasutan benetazko maitasun keinua da harremana mozteko artean trebatua izatea. Dena den, ez dut uste Tele5k morboa pizteaz gain beste ezer buruan daukanik.

Zenbat dira, familia eredu gisa bikote formula telebistan sustatzen duten saioak? Telebistan, familiaren oinarria ez da soilik bikotea. Izan ere, bikoteak erreproduktiboa izan behar du familia bezala onartua izan dadin.

Lo que necesitas es amor, Tu media naranja, Esta es mi gente- busco pareja, Mujeres hombres y viceversa, Cuadrilla busca cita, Confianza ciega, Granjero busca esposa, 60 minutos a solas, Un príncipe para Corina, First Dates, eta orain, All you need is love. Gure etxeetan sintonizatzen dugun telebistak beti izan du maitasun eredu konkretu bati lotutako saioa. Ez hori bakarrik, zeharka ere irentsarazi baitigute zer nolako maitasun harremanak eraiki behar ditugun. Nola? Berez, maitasuna helburu ez duten saioei esker egin dute hori, baina era berean bikoteen sorrera ahalbidetu dituzten formatuetan. Gran Hermano, Supervivientes, El bus, Gu ta gutarrak eta tankerako reality-etan. Horietan parte hartzaileek askatasunez jokatzen dutela erakusten duten arren, egoera jakin batzuetan jartzen dituzte. Egoera horiek sortu egiten dira, ez dira naturalak.

Kontu zaharra da. Bizirauteko bikotearen beharra dagoela azaltzen duten saioak eman dira telebistan beti. Arazoa da saio horiekzaintzaren ikurra bailiran barneratzen direla. Telebistak ez du sekula erakutsi maitasun erromantikotik at dagoen zaintzaren eredu kolektiborik. Ez du maitasun osasuntsuaz irakasten, ezta lagun sarea zaintzeak duen garrantziaz. Bakardadeari beldurra izateko sustatzen dituzte eredu horiek. Bakardadea bikote normatiboaren falta bezala ulertuta. Beldur horrek kontrolatzeko errazak bilakatzen ditu pertsonak, eta horrek ez dauka maitasunarekin zerikusirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.