Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Nahi gabe

2016ko azaroaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nahi gabe egina al da lirain eta osasuntsu egoteko geroz eta produktu gehiago saltzen dituen euskal supermerkatuak Cuerpos de élite saioa babestea? Nahi gabe egina al da, Cuerpos de élite saioa babesten duen euskal supermerkatu horrek lirain eta osasuntsu egoteko produktuak kaleratu izana Espainiako supermerkatu kate bat Euskal Herrian tokia irabazten ari zaionean?

Baliteke aurreko galdera parea mahai gainean jartzeak txarto pentsatzea izatea, edota sinplea dena itzulbiratzeko gehiegizko trebezia edukitzea. Haatik, zintzoki, markak indartzera bideratutako estrategia dirudite saioa inguratzen dutenak. Diruak gidatzen dituen interesetatik at bada ikasbiderik, eta saioak badu zer irakatsi, esate baterako, osasuntsu elikatzen.

Ez gaitezen engainatu eta telebistak ez diezaigula ziririk sartu: argal egotea eta osasuntsu egotea bi kontu ezberdin dira. Esango nuke, momentuz, ikusi dugunagatik, ETBko saioak indarra bigarren helburua lortzera bideratu duela. Dena den, ez dezagun ahaztu parte hartzaileek ez badute aldaketa morfologiko nabarmenik igartzen saioa porrota izango dela. Zergatik? ikusleek ez luketelako pisu aldaketarik antzemango, eta ez lioketelako zintzotasunik aitortuko ikusitakoari. Eta, noski, telebista espektakulua delako. Baina ez hori bakarrik. Telebistak, irudiaren bitartez generoaren teknologia aktibatzeko gaitasuna dauka. Hau da, genero bakoitzari dagokion irudia betikotzeko indarra dauka, hots, emakume batek nolakoa izan behar duen eta gizon batek nolakoa izan behar duen erakusten du telebistak.

Helburu osasuntsua duen arren, Cuerpos de élite-k kontrol mekanismo guzti horretan parte hartzeko arriskua dauka. Horregatik, oso inportantea da arduratsu jokatzea. Gure telebistak buruan sar dezala «ikuslearentzat baina ikuslearen kontra» aritzeak ez duela ezertarako balio. Are gehiago, «ikuslearentzat baina ikuslerik gabe» bezain kaltegarria dela. Eredugarriak izan behar direla kontuan har dezatela.

Azaldutako horiek guztiak lotzen duten marasmak zalantza handia sortzen dit. Teknikoki saio txukuna da: erritmoa egokia da, eta errekurtsoak ezagunak. Edukiaren enfokea, ordea, arriskutsua izan daiteke. Gatz, piper eta konfiantza: utz diezaiegun aurrera egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.