Zeu ere noizbait urduri jarri zara zure bikotekidearen gurasoak ezagutu behar izan dituzunean? Sentsazio ohikoenetako bat da: zer pentsatuko ote dute nitaz, nola hartuko dituzte nire zaletasunak, lana edo nire bizimodua. Batzuetan, aurkezpen horiek amildegi baten ertzean ibiltzea bezalakoak dira: irribarre egokia bilatu, ohitura arrotzak ezkutatu eta besteen aurrean zeure burua salgarri egitea. The Girlfriend telesailak (Amazon Prime Video) sentsazio hori muturreraino eramaten du, gorputza nahasten dizun esperientzia bihurtuz: amaren eta neska-lagunaren arteko borroka eta obsesio ikaragarrian murgiltzen gaitu.
Istorioaren abiapuntuak sinplea dirudi: ama, semea eta neska-laguna triangelu emozional batean harrapatuta ageri dira. Baina sei ataletan kontatzen dena ez da inolaz ere arina. Dolua da abiapuntu nagusietako bat, Robin Wrightek antzezten duen Laura Sandersonen pertsonaian gorputz hartzen duena. Bere semea —Daniel— galtzeko beldurrez bizi da eta lotura horrek gehiegizko bihurtu du semearekiko duen babesa. Maitasunaren aitzakian, askatasuna zapuzten duen menpekotasuna eraiki du. Danielek Cherry ezagutzen duenean, berriz, bi mundu oso desberdin gurutzatzen dira: alde batetik, klase ertain aberatsaren erosotasun ekonomikoa eta soziala; bestetik, Cherryren jatorri xumea eta bizirauteko berezko trebeziak. Lauraren begietan, neska berria ez da inoiz nahikoa garbi edo egoki: manipulatzaile gisa ikusten du, semea beregandik urruntzeko arrisku argi gisa. Eta hortik sortzen da telesailak erakusten duen borroka basatia: maitasun erromantikoaren eta amaren lotura ia sakratuaren artekoa.
Narratiboki, interesgarria da telesailak eskaintzen duen planteamendua. Ez dago egia bakarra, baizik eta bi bertsio. Laura eta Cherryrengandik entzuten ditugu gertaerak, ñabardura txikiekin, eta ikusleak bataren edo bestearen alde egiteko tentazioa du etengabe. Hau da, ikuslearen rola ez da pasiboa. Ariketa honek galdera nagusi batzuetara eraman ninduen: noraino gara objektiboak gure gertukoenganako pertzepzioan? Eta, bide batez, bikote-harremanetan, norena izaten da azken hitza, dirua duenarena edo maitasuna behar duena eskura duenarena?
Atalak aurrera doazen heinean, sarri etorri zait burura galdera bera: zergatik ez dute emakume horiek, egun batean, ardo botila bat ireki eta elkarren aurrean egia biluzten? Zergatik ez barkamenerako bidea urratzen? Agian hor dago telesailaren ispilua: emakumeen arteko lehia injustua, gure gain ezarritako zama historikoa, askotan ez gurea baina gure artean banatu eta jasan behar izan duguna.