Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Ni ere banaiz

2017ko otsailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tamalez labur jo du Euskalduna naiz eta zu? saioaren ibilbideak. Bikotea, dirua, eskola, sexu kontuak, familia eta Espainia izan dira formatuaren hizketa gaiak. Gai bakoitzak hartu du atal bakoitza, izan ere, hasierako off ahotsak adierazi legez: «Bada garaia gure buruaz hizketan hasteko», beraz, euskalduntasuna ardatz sei hizketa gai horien bueltan aritu dira. Tira, estrategia bezala funtzionatzen du, baina, besterik ez bada, euskaldunok luze daramagu gure zilborrari begira, hots, euskalduntasunarekin lotutako formatuak egiten. Denetik egon da. Alde batetik, umorea jorratuz hausnarketarako balio izan duten saioak; eta, bestetik, tonu serioa izan dutenak. Baita ere, gure kulturara barregarriki hurbiltzeko balio izan dutenak. Hainbat aipatzearren: Jaiak, Txiskola, Euskaraokea, Vaya Semanita, No es país para sosos, Ocho apellidos vascos, Herri txiki infernu handi, Auzolan edota Gutagutarrak. Horiek guztiak eta bidetik utzi ditudan beste hainbat badira euskal nortasunari, edo hobeto esanda, euskal markari lotutako hainbat telebista saio. Haatik, euren amuak funtzionatzen du: euskaldunona herri txikia izango da, baina asko gustatzen zaigu gure txoko guztien berri izatea.

Atal bakoitzaren eskaletako osagaiak izan dira, esketxak, elkarrizketak, errekurtsoak, bakarrizketak eta irudiak. Anjel Alkain eta Nerea Arriola izan dira OFF ahotsak. Super Txope youtuberrarena gorpuztu duen Arriolak umorea egiteko ahots eta doinu apartak ditu, horrek asko jantzi ditu gidoi barregarriak. Osagaiak, oro har, primerakoak izan dira: Aitziber Garmendia eta Iker Galarzak gorpuztutako esketxak eta horiekin batera Unai Gaztelumendiren irudiak ikusi ditugu pantailan.

Erraz jarraitzeko saioa egin dute: topikoekin jolasteko aproposa, dinamikoa, entretenigarria eta arina. Are gehiago nahi izanez gero, zenbaitetan buruari pare bat buelta ematekoak mahai gaineratu dituena. Teknika aldetik, handikeriarik gabeko saio txukuna egin dute.

Noizbait telebistara bueltatzeko aukera balego -espero baietz- kontuan hartzeko ideia nabarmen bat: nahiz eta genero eta lurraldetasun orekak mantentzen saiatu diren, zenbaitetan ez dute lortu. Horretan indar apurtxo bat jarri beharko lukete txisteetan eta agerpenetan, eta noski, bilorik gabe umore egiten jarraitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.