Ez naiz ni izango afektuen presentzia kritikatuko duena telebistan—ez telebistan, ez beste inon, noski—. Esan nahi dut, pozten naizela afektuak gure telebistetan presente egoteaz. Are gehiago euskaldunon artean sentimenduak agertzea gauza egiazki estrainioa izan denean. Ez diot nik, Asko maite zaitut ETB1eko saio berriko protagonistetako batek baizik: «Ez dira hitz horiek arraun elkarteetan asko erabiltzen». Eta arraun elkarteetan dioenak, dio edozein elkarte mota, giza talde, pertsona batetik gorako jende elkarketatan —ispiluaren aurrekoa ez da azken multzo horretan sartzen—. Alegia, oso ondo iruditzen zaidala maite dugun jendeari maite dugula esatea telebistan. Besterik da horrek zertarako balio ote duen.
Bi istorio diferente aurkezten zaizkigu emanaldian. Batetik, ama adoretsu bat, mariloka, ditxaratxera, folklorika, bai, baina batez ere seme bat gaixo duena, gaixotasun neuromuskular degeneratibo batekin. Haren alde ekintzailea agertzen saiatzen dira, bai —dirua lortzeko tapoiak biltzen lehena izan omen zen Euskal Herrian; orain badakigu behintzat ez dela legenda urbanoa—, baina oso adi jarri beharko genuke norbaiten gaixotasuna—gehiago haur batena— erabiltzen denean zerbaitetarako, nahiz helburua zintzoa izan. Eta, bestetik, arraun klub bateko bi langile, jator, bihotz handiko, ogi puska, urteak daramatzatenak lan egiten itzalean. Eta oso ondo iruditzen zait langile anonimoaren aldarrikapen hori, merezitakoa, beharrezkoa. Ez zaidana hain ondo iruditzen da, telebista pantaila bati begira, hunkitzeagatik hunkitzea. Zer ondorio, zer irakaspen, zer balio eraldatzaile izan dezake Asko maite zaitut bezalako saio batek? Galdera egiten du, bai: Zergatik kostatzen zaigu hainbeste maite ditugunei maite ditugula esatea? Baina zein da erantzuna? Eta esan dut oso ondo iruditzen zaidala maite dugun jendeari maite dugula esatea. Ez dakidana da zertarako behar den horretarako telebista.
Bihoa hemendik protagonistekiko aitortza, seguru merezi zutela omenaldia —beste milaka lagun ezezagunek mereziko luketen bezala—. Eta saioa egin duen taldeak ere seguru egin duela ahalik eta gauzarik txukunena. Baina ezin dut mozkina erosi, «asko maite zaitut» modu horretan esaten didatenean, Serge Gainsbourgen hura, «Nik zu ere ez», ateratzen zait eta.

EKOGRAFIAK
Nik zu ere ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu