gorka julio
IRLEN SAREA

Nomadismo digitala

2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Internetek eskaintzen zituen komunikazio eta deslokalizazio aukerak kontutan harturik mundu mailan bizitzeko eredua erabakitzen zuten pertsonek egiten zuten nomadismo digitala. Garai horretan, sarean ibiltzeari surfing deitzen genion, nabigatu, ezezaguna zenaren esplorazioari lotuta.

Internetek espresio propioak ere eratzen hasi ziren «sionismo digitala» edota «linkania» bezalakoak. Jende bat atxikimendu lurraldetu baino, Interneten zuen bere izate sentimendua, abertzale digitalak, alegia. Izendapen horiek, oraindik, komunitate bati lotutakoak ziren, izan elkarrekin mugitzen zirelako edo komunitate birtualak eratzen zituztelako.

Espresio ekonomiko bat ere izan zuen: neovenezianismoa. Munduan zehar Veneziako herritarrek edota feniziarrek egin bezala, negozio komunitateak eratuz, puntu erromantiko batekin oraindik. Orain bere forma neoliberalenera pasatu da, neoliberalismo indibidualizatzailean hezitako belaunaldiek helduko diote, baina oraingo Interneteko kultura merkantilizatuari lotuta.

Benidorm edo Startup island, bi adibide, nomadismo digital neoliberalaren adierazpideak biak. Lehenak, pandemia aitzakia hartuta, bertan lan egingo duten autonomoentzako tokia izan nahi du. Bertako turismora lotutako eta azpierabilitako egiturak sostengatzeko estrategia bat da, nahiz eta talentua erakartzeko diskurtso batekin lotu. Bigarrenak, utopia neoliberal neoinperialista bat proposatzen du, non irla galdu batean, beste batzuekin etxe bat izango duzun, coworking, gimnasio eta zerbitzu guztiekin; nahiko merke, gainera.

Nomadismo digital neoliberalak, lurraldea Saskia Sassen soziologoak landscape (paisajea) moduan ikusten du. Beren ametsak egi bihurtzeko koadro huts moduan. Beren negozioak edo «bizi estiloa» garatzeko aukera moduan, lurraldearekin eta komunitatearekin konpromisorik hartu gabe.

Galdera bat etortzen zait burura, bada horri aurre egingo dion nomadismo digital komunitariorik, adibidez gure despopulatutako guneak betetzen eta eraikitzen lagun dezakeena XXI. mendean? Nola egingo dugu, teknologia horiek era eraikitzailean eta eraldatzailean erabilita, sustraiak dituen nomadismo bat posible egiteko, ezinezkoa bada ere?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.