urtzi urkizu
Ikus-entzunezkoak

Nor izan zen Raffaella Carra?

2024ko urtarrilaren 21a
05:00
Entzun

BERRIAren irakurle batek baino gehiagok, akaso, Disney Plus plataformaren harpidetza kontratatu du egunotan, Cristobal Balentziagaren inguruan estreinatu duten telesail zoragarria ikusi ahal izateko. Ordainpeko zerbitzu horretan gomendagarritzat jo daitekeen beste lan bat Peter Jacksonen The Beatles: Get Back dokumental saioa da. Liverpoolgo (Ingalaterra) taldearen azken hatsaz gozatzeko aukera ematen du ia zortzi ordutan. Disney Pluseko harpidetza duenak ere ezin du ikusi gabe utzi Ahmir Questlove Thompsonen Summer of Soul dokumental zoragarria. 1969an New Yorkeko Harlem auzoan egin zuten kultur jaialdi erraldoi baten irudiekin eta musikarekin hegan egiten du ikus-entzuleak.

Summer of Soul dokumentalaren trailerra.

Baina, aipatutako horietaz gain, bada berriki Disney Plus plataformak estreinatu duen lan bat zenbait arrazoirengatik lerro hauetara ekartzeko modukoa: Raffaella dokumental saioa. Jai giroko hala moduzko kantekin lotuko dute batzuek Carraren izena, baina Raffaela Maria Roberto Pellonik (Bolonia, Italia, 1943-Erroma, 2021) telebistaren munduan eta herri kulturan egin zuen ekarpena ez da merezi zuen bezainbeste ikertu orain arte.

Hiru atalez osatuta dago Raffaella dokumental saioa. Daniele Luchettik zuzendu du, eta ekoizleak Gabriele Immirizi eta Alesandro de Rita dira. Cristiana Farina eta Barbara Boncompagni dira gidoilari nagusiak. Lanerako artxiboko material ugari erabili dituzte, baita orain arte ikusi ez diren irudiak ere. Elkarrizketatuen artean, Raffaella Pelloni ondo ezagutu zuten pertsonak daude. Bakoitzak artistaren gaineko ikuspegi baliotsu bat ematen du. Eta puzzlea erakargarria da bere osotasunean.

Aktore lanetan hasi zen Carra Italiako film batzuetan. Baina Hollywoodera ere joan zen bolada labur baterako, eta Frank Sinatrarekin egin zuen pelikula bat. Hala ere, Italiako RAI telebista publikoan lortu zuen arrakasta. Italiako egoera soziopolitikoa gori-gori zegoen 1970eko hamarkadan, kaleak sutan. Eta Carrak haize freskoa eraman zuen Italiako telebistara: kantuan, dantzan eta bere izaera gozoarekin. Halako batean, bere kanta batzuk beste herrialde batzuetan zabaldu ziren, eta goia jo zuten. Garai hartan garrantzi handikoak izaten ziren gehien entzuten ziren abestien zerrendak, eta Carrarenak horietan sartu ziren. Europan eta Latinoamerikan, bereziki. Kontzertu bira arranditsuak egin zituen Latinoamerikako herrialdeetan, eta Carraren ospea beste artista askoren gainetik gailendu zen. Dokumental saioak egoki jasotzen du hori guztia, baita halako egoeretan gehiegizko ospea jasotzen duen pertsonak jasaten duen bakardadea eta tristura ere.

Raffaella dokumental saioaren trailerra.

Musikaren munduan Carraren fenomenoa kokatzeko, datu hau aipa daiteke: 60 milioi disko baino gehiago saldu zituen. Taylor Swift izan zen 2023. urtean oihartzunik handiena izan zuen kantaria nazioartean, eta hark 50 milioi disko saldu ditu orain arte. Carrak baino gutxiago, beraz.

Aldo Moro hil zutenekoa

Dokumentalean ageri da, era berean, Carrak egiten zituen dibertimendu ikuskizun ausartek nolako eragina izan zuten Italiako eta Espainiako gizarteetan. Izan ere, Espainiako telebista publikora iritsi zen Francisco Franco diktadorea hilzorian zela. Italian, bestalde, hainbat kritika izan zituen artistak; 1978ko maiatzean, Aldo Moro lehen ministro ohia bahitu eta hil egin zuten. Brigada Gorriek bahitu zuten egunean, Carrak RAIko arduradunei deitu zien eskatzeko gau hartarako iragarria zegoen programa ez emateko. Baina telebistako arduradunek erabaki zuten momentu haietan herritarrek entretenimendua behar zutela telebistaren bitartez. Eztabaidarako mintzagai interesgarria ematen du ordu hartan gertatu zenak: zer egin behar du halako egoera batean telebista publiko batek?

'Raffaela' dokumental saioa, Raffaela Carraren inguruan.
Raffaella dokumental saioa. DISNEY PLUS

Edonola ere, Carra bestelako telebista formatuetan ere aritu zen hurrengo urteetan: herritarren deiak jaso eta zuzeneko psikoterapeutarena egiten, aspaldian elkar ikusi ez duten pertsonak platoan batzen zituzten programetan, munduko hiri handietan grabatutako ikuskizun saio garestietan... Italiako telebistan egindako formatu horiek beste herrialde batzuetara zabaldu ziren gero. Ezin da aipatu gabe utzi Italiako LGTBI komunitateari Carrak eman zion laguntza eta hauspoa. Ikono bat da Carra, 2021. urtean hil bazen ere. Haren ikuskizunek eta saioek eman dezakete azterketa mamitsu gehiagorako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.