gaizka izagirre
'Ekografiak'

Nora Dalmasso

2025eko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurrekoan Krimenak. Gure kronika beltza saioari buruzko zutabean aipatu nuen berbera azpimarratuko dut gaurkoan ere: egun estreinatzen diren ehunka true crime-en artean, kalitatezko proposamenak aurkitzea gero eta zailagoa da. Askok liluratzen dute lehen begiratuan, baina apenas heltzen dioten gaiari benetako zorroztasunez, eta oso gutxik jartzen dituzte biktimak erdigunean, morboaren itzaletik ihesi. Zorionez, noizean behin, Las mil muertes de Nora Dalmasso bezalako proposamen interesgarriak jaiotzen dira.

Hiru ataleko telesail dokumental horrek Argentinako azken urteotako feminizidiorik eskandalagarrietako bat aztertzen du: 2006an gertatu zen, Rio Cuarto hirian, 51 urteko Nora Dalmasso bere etxean hilda aurkitu zutenean. Nora eta haren familia ezagunak eta mediatikoak ziren.

Gertatutakoa eraikitzeko testigantza oso boteretsuak biltzen ditu dokumentalak: Facundo eta Valentina (Nora-ren seme-alabak) , Marcelo Macarron alarguna, senideak, lagunak, kazetariak eta auzitegiko profesionalak, besteak beste. Bereziki indartsuak dira seme-alaben adierazpenak.

Telesailaren ardatz nagusietako bat kasuak izan zuen eragin mediatiko eta sozialaren azterketa da. Narratiba intimoa eta errespetuzkoa du oinarri: sentsazionalismoa saihesten du, eta kasuaren alde gizatiarra nabarmentzen du; bere garaian komunikabideek kasuari eman zioten tratamenduaren guztiz kontrakoa.

Gertatutakoa ez ezik, filmak erakusten du nola kutsatu zuten ikerketa presio mediatikoek, baliorik gabeko iritzi matxistek eta oker emandako agindu judizialek; horrek guztiorrek desitxuratu egin zuen kasuaren ikuspegi nagusia. Halaber, matxismo estrukturalak krimenaren pertzepzio publikoa zein judiziala nola moldatu zituen ere sakonki salatzen du. Izenburuak, Las mil muertes de Nora Dalmasso, hilketari buruz eman zituzten ehunka bertsioei egiten die erreferentzia. Gehienak zurrumurruak, gezurrak eta buloak ziren, eta guztiek zuten kirats matxista edo sexista nabarmena.

Gertaerak izan zuen inpaktu soziala ere asko azpimarratzen da: kazetaritza sentsazionalistak Noraren irudia nola moldatu eta desitxuratu zuen erakusten du eta haren familiari ia hogei urtez nola eragin zion.

Oso lan txukuna eta zorrotza da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.