Bereziki sumintzen nauen gai bat plazaratu nahiko nuke gaurkoan. Aspalditik nengoen honi buruz idazteko gogoz, baina Lide Hernandok orain dela aste batzuk aipatu zuela aprobetxatuz, gaur bertan helduko diot: jada existitzen diren animaziozko film edo telesailak irudi errealera pasatzearen fenomenoaz ari naiz: alegia, live action delakoaz.
Hein handi batean guztiz bat nator Hernandok aipatzen duenarekin, baina pertsonalki onura gutxi ikusten dizkiot kontu honi. Sekulako nagikeria sorrarazten dit honek guztiak, aspertuta nago. Aste batzuk igaro diraSnow White filmaren bertsio berri (kaskarra) estreinatu zenetik, baina gaiak pil-pilean jarraitzen du, eta jarraituko duela dirudi.
Ez zen nahikoa ikus-entzunezkoen ozeanoa beharrezkoak ez diren remake, spin-off edo jarraipenekin betetzea; orain, live action-en uholdea dator, eta, gainera, badirudi bertsioen moda hau bere hastapenetan dagoela.
Sirenatxoa, Dumbo, Aladdin edota Lehoi Erregea film ezagunek, adibidez, azken urteotan izan dituzte irudi errealeko egokitzapenak, baita One Piece telesailak ere; Disneyren kasu zehatzean, bere klasiko animatuak hezur-haragizko pertsonaia bihurtzearen estrategia hasi besterik ez da egin: aurten Stitch iritsiko da, eta aurrerago Vaiana pelikularen moldaketa, besteak beste.
Mickey saguaren konpainiak pelikula klasikoekin hazi zirenen nostalgiara jotzea eta, aldi berean, belaunaldi berriak erakartzea du helburu; etekin ekonomiko handiko formula aurkitu du, eta azken muturreraino zukutuko duela dirudi. Baliteke nostalgiak jada sarrerarik saltzen ez duenean etetea moda hau. Nik, behintzat, hala espero dut.
Komertzialki errentagarriak izan arren, praktika horrek galdera saihetsezin bat sortzen du: bere filmak behin eta berriz birziklatzera edota berrerabiltzera mugatzen ari den honetan, konpainia bere izaera sortzailea suntsitzen ari al da?
Nire iritzia argia eta irmoa da: live action-ak (behintzat orain arte egin dituztenak kontuan hartuta) zinemaren heriotzaren eta sormenaren gainbeheraren frogarik argiena dira. Joera horrek apurka indarra galduko duela pentsatu nahi dudan arren, munduko ikusle datuak ikusita ia ezinezkoa dirudi.