Zer gogoratzen duzu haurtzarotik? Memoria txarra dugunontzat haurtzaroko oroitzapenetara iristea zaila izaten da. Garai hartako argazkiak ikusterakoan sentsazio bereziak etortzen zaizkit eta bizitako sentsazioen bitartez gogoratzen dut. Horrez gain, bizitako une historikoek gure haurtzaroa definitzen dute. Berlingo Harresia erori zenean jaio nintzen. Ez dut urte hartako oroitzapenik, baina niretzat efemeride hori beti izan da garrantzitsua.
Haurtzaroan ikusi ditugun telesailek eta filmek bizitzan garrantzia dute. Joxe Rojasek asteburu honetan desafioa bota du Twitterren: «Adierazi zure adina dagoeneko ematen ez duten telebista saio bat aipatuz». Erantzunen artean denetik irakurri dut, baina erantzunek zerbait zuten komunean: aipatzen zituzten telesailek oroitzapen onak ekartzen zituztela. Erantzunek adina agerian jartzeaz gain, telesailak zein hizkuntzatan ikusi diren jakiteko aukera aparta da. Erantzunen artean gehienek gazteleraz ikusi dituzten telesailekin erantzun dute, eta besteek euskaraz ikusi dituzten telesailak aipatu dituzte. Zaila da euskaraz telesailak ikustea, eta ez zait arraroa egin horrelako erantzunak irakurtzea.
Gaur egun, haurrek euskaraz telesailak ikusteko aukera gutxi dute eta euskaraz egindako telesail berri gutxi izan ditugu azken urteetan. Euskal Herrian egoera aldatzeko aldarrikapenak egiten ditugun bitartean, Katalunian TV3ek kate berria atera du haurrentzat: SX3 kanala aurreko astean jarri zuten martxan. Telebista katea izateaz gain, sare sozialetan presentzia handia izango du eta haurrentzako podcastak sortuko dituzte. Nola ez, eduki guztiak katalanez dira. Hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko apustu bikaina da. EITBk euskarazko produkzioa geldirik du, eta haurrentzat ez dago proposamen berririk. Lagunen artean, Super Bat Kluba gogoratu izan dugu, noizean behin. Zerbaiten parte ginela sentiarazi zigun klub horrek, eta nostalgiaz gordeta dugu klubeko txartela. Super Bat Kluba berpiztea zaila dela iruditzen zait, baina ETB3 katean eduki berriak jarriko balira, eta telebistaz harago proposamen berezi bat egingo balitz, euskararen etorkizunak bultzada berezi bat izango luke. Gure nostalgia adierazteko aukera dugun bitartean, agerikoa da haur euskaldunek ez dutela aukera berdina izango.

EKOGRAFIAK
Nostalgia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu