gorka julio
IRLEN SAREA

Ohitura zaharrak

2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Copyright-a —eta beste maila batean patenteak— mendebaldea deitu zaion, baina AEBak eta bere konplizeak izan duten neoinpreialismo tresna garrantzitsuena izan da. Horri esker, beren edukiaz gain, ikerketa eta industrien kontrola ziurtatu nahi izan dute. Baita lortu ere.

Egilearen eskubideak baino gehiago, ustiakuntza ekonomikorako eskubideak dira egile eskubide bezala defenditu diren horiek. Azken finean, legez — eta beraz, diru gehien dutenek— beren eskubideak defendatzeko bide bat izango dutela ziurtatu dute, eta besteok ez. Egileen eskubideak ez ezik, horiek beren lanagatik kobratzeko eskubidea eta harago bizitza duinak edukitzeko eskubidea behar lukeena inperioaren tresna hutsa dela argi eduki behar dugu.

Adimen artifizialak copyright-aren inguruko eztabaidak piztuko ditu berriro, baina apurtuta dagoen sistema bat bainoago, horren gainditzetik edo birdefinitzetik etorriko dena monopolizatu eta irabaziak lortu nahi dituenak kritikatu behar ditugu.

Copyright eta patenteen erabilera txarrei lotutako adibide asko daude. Mickey Mouse saguaren eskubideak agortzear zirela, legislazioak oraindik ere esplotatzeko aukera emateko epea luzatzea, adibidez. Edota, enpresa arteko patente defentsiboen erabilera, hau da enpresa batek besteak gainditzeko erabiltzeko aukera izan zitzakeen asmakizunen patenteak erostea bestearen garapena mugatzeko.

Botikei edo osasunari lotutakoak ere asko dira, eta horiekin broma gutxi; herrialde batzuk patente horiei kasurik ez egitea erabaki zuten beren herritarren bizitzak lehenestearren.

Azken finean, monopolio edo sasi-monopolioak sortzeko estrategia bat gehiago izan da copyright legea. Ez da bakarra, eta ez dugu urrutira joan behar horren antzeko estrategiak ikusteko inguruan; Netflixek hartutako bidea ere hor koka genezake. Netflixek orain arte hain ohikoa zen kontuak partekatzeko aukera mugatuko du, etxe berean daudenek bakarrik erabil dezaten. Behin eredu aldaketa sortu duenean, eta plataformak nagusitzea lortu duenean beste ereduen kaltetan, orain erabiltzaileak plataforma horietara ohituta daudenean, irabaziak handitzea du helburu.

Horrela da beti, berdin du copyright-a izan, Netflix edo osasun pribatua. Logika bera da beti.Santa Ageda pasa berri dugula, ez galdu ohitura zaharrak eta BitTorrent, Azpitituluak.eus edo Stremio.com erabili.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.