Gogoko ditut oholtzatik pantailara salto egiten duten formatuak. Aldi berean, xumea eta magikoa den zera bat dute, antzezlan izandako bizitza horretatik mantentzen duten istorioak gauza gutxirekin —eta hitz askorekin— kontatzeko anbizio bat edo. Adibide asko aipa nitzake: Fleabag telesaila, esaterako, hasieran bakarrizketa zena —sentitzen dut, baina arrazoi bat edo bestea tarteko, askotan agertuko da izen hori nire tartean—; A Streetcar Named Desire entzutetsua, eta Polanskiren Carnage bikaina, kasurako.
Batzuek, ordea, bitarteko berrira moldatzeko lengoaia bera ere eraldatzen dute; horren adibide, nire ustez, argazki zuzendaritza bikaina duten 2015ko bi film: La Novia —Lorcaren Bodas de Sangre lanetik eratorria— eta Macbeth —Fassbender eta Cotillardekin zer atera daiteke gaizki?—.
Ildo horri jarraikiz, Euskal Herrian estreinatu berri den antzezlan baten moldaketa aipatu nahiko nuke gaurkoan. Itsatsita du izena websailak, eta Miren Arrieta eta Dupla taldeko Gari Uriarte ditu protagonista. Musikal gisa aurkezten den istorio horrek diskoteka batean elkartu eta, txortan egin bitartean, itsatsita gelditzen den bikote baten aferak kontatuko ditu.
Websaila Instagramen —@itsatsita_eitb— ematen ari dira momentuz, nahiz eta beste nonbaiten ere ikusgai egongo den aurrerago; eta minutu eta erdiko atalez osatua dago. Ongi irakurri duzue, bai: 90 segundotxo, besterik ez.
Hasieran nahasketa horrek guztiak bekainak altxarazi bazizkidan ere, aitortu behar dut atalak irribarrea ezpainean ikusten ari naizela. Arrietaren eta Uriarteren interpretazioak txukunak dira —azpimarratzekoa, abeslariaren lehen aktore lana izanik—, eta sakelako telefonoan ikusteko formatu bertikalean argitaratzen diren kapitulu horien laburtasunak jakin-mina sortzen du nolabait. Momentu musikalak dira, apika, niretzat apur bat sobran gelditzen direnak —baina hori nire iritzi pertsonala da, hamar musikaletik bat gustuko dudalako orokorrean—; horiek gabe websailak berdin funtzionatuko lukeela uste dut.
Motzean: dibertigarria, freskoa, oholtzatik pantailarako jauzian asmatu duena, eta egungo plataformetara egokitutako lengoaia berriak erabiltzera ausartu eta, nire ustez, erronka gainditu duena.

EKOGRAFIAK
Oholtzatik pantailara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak