Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Ondo edo

2024ko martxoaren 10a
05:00
Entzun

Ondo, ongi, ederto, ederki… Lagunak pozten dira eta etsaiak izorra bitez. Irribarre handienaz erantzun ohi diegu ingurukoei. Galdetzen digunak ere ez du besterik espero, are gutxiago gure arazoak, tristurak edo gaixotasunak azaltzen has gaitezen. Egon badaude konturatzen ez direnak eta zelan edo zer moduz entzutean, ordea, barruak askatzen dituztenak, ezinegon guztiak azalduz. Orduan zer egin? Ez digute entzuten irakatsi, eta deseroso sentitzen gara, zerbait egin edo esan behar dugulakoan, gehienetan hobea den isiltasunari aukerarik eman gabe.

Duela hilabete batzuk, EHUko Leioako campuseko hainbat hormatan #EzZaudeBakarrik hashtaga idatzia zuten kartelak agertu ziren. Unibertsitate aroa edo gaztaroa garai eder bezain zaila izan daitekeelakoan, ikasleek bizi ditzaketen zaurgarritasun egoerak antzeman eta horiei erantzuna emateko Entzute eta Erantzute Sarea iragartzen zuten. Horretaz gainera, irakasleoi formakuntza berezia eskaintzen zaigu, jakintza transmititu ez ezik, ikasleon osasun emozionala ere zain dezagun, hau kezka bihurtu baita ikasgeletan ere.

Horregatik ez nau harritu Gaztearen eskutik jaio izana Ez hain ondo podcasta, zeinetan, bi astean behin, Irati Perez psikologoak gazteen osasun emozionalaz hitz egiten duen, Ane Zuazubiskar kazetariak egindako galderei erantzunez. Estreinako atala martxoaren 6an eman zuten, eta saioa aurkezteaz aparte, pertsona batzuek bizitako egoerak edo egindako akatsak errepikatzen dituztela edota leku berean bi aldiz iraultzen dutela izan zuten hizpide. Joder, berriro? lehen ataleko izenburuak dioen bezala, ohiko egoera bat, batzuetan norberak nekez kudeatu ahal duena. Ez dute, berriz, irtenbide miragarririk edo balio-iritzirik ematen, eta lagungarriak izan daitezkeen gako batzuk eskaintzen dituzte, entzuten ari den gazteari akaso bizitzen ari den situazioa identifikatzen lagundu ahal diona, ulertzen agian, eta, nork daki, ez dela uste bezain arraroa jakiten ere bai.

Irati Perezek lanbidea badu ere eta bien arteko solasaldia entzulearentzat lagungarria izan daitekeen arren, irratsaioa baino ez da hau, inola ere laguntza profesionala ordezkatu ezin duena, eta agian horren bidean jarri ahal duena. Horretarako ezinbestekoa da gazteengana heltzea, eta horregatik bideopodcast formatua, gazteek erabili ohi dituzten sare sozialak eta hizkuntza zuzena erabili dituzte. Ea asmatzen duten!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.