EKOGRAFIAK

Ondorengotza

Gaizka Izagirre
2023ko irailaren 1a
00:00
Entzun

Egongelako argiak itzali, eroso etzan, eta urrutiko agintean play sakatu nuen. Telebistan HBO-ren sarrera mitikoa azaldu ostean, Nicholas Britellen musika hipnotiko eta itsaskorraren melodiek azken urteotan gehien liluratu nauen telesailari bidea eman zioten: Succession. 2018-ko ekaina zen. Bost urte geroago, telesaila jada amaitu da, baina niretzat etapa pozgarri bat hasteko unea iritsi da. Succession, euskaraz ondorengotza, «titulu edo kargu bat pertsona batetik bestera pasatzea». Urte mordoa daramat BERRIAko Ekografiak atala irakurtzen eta, ez dizuet gezurrik esango, ikasturte honetan ni ariko naizela pentsatzeak zorabio apur bat eragiten dit; ardura handia sentitzen dut. Fermin Etxegoien, Asier Sarasola, Eñaut Gantxegi, Jokin Labaien, Aritz Galarraga, Leire Palacios, Lander Arretxea, Izibene Oñederra, Mikel Alvarez, Miren Manias, Juan Luis Zabala eta Amaia Garcia. Atala elikatu dutenen izen zerrenda hori irakurri ostean, nola ez dut bada erantzukizunik sentituko? Lide Hernandok eta biok hartuko dugu horien oinordekotza, eta, egiari zor, ez dakit behar den moduan egingo dudan. Gogotsu nago eta ilusioz gainezka, barrenak zuekin partekatzeko deseatzen, pantaila txikian astero ikusten ditudanak aipatu, aletu eta zurekin partekatzeko irrikaz. 2003an jaio zen Ekografiak. LTDren emisioen hasiera zen, plataforma digitalik ez zegoen, atzerriko telesailek apenas zuten pisurik geurean eta ikus-entzunezkoen eskaintza zinemaren edo telebista tradizionalaren bidez soilik iristen zitzaigun. Euskaraz, ETB1en, Martin telesaila estreinatu zen, Goenkale-k hamar urte bete zituen, arte eszenikoen gainean egiten zuten Hau Komeria saioa, futbola, Basetxea, Betizu, eta ezin ahaztu Joseba Apaolazak aurkeztutako Zine Oro. Gaur egungo euskarazko eskaintzarekin alderatze hutsarekin, batek baino gehiagok lotsagorritu beharko luke.

 

Nazioarteko gomendio ugari partekatuko dut zuekin, kurtso hasierako motxila edukiz gainezka baitaramat. Nire helbururik eta desirarik handiena, ordea, asteroko zutabe hau hornitzeko adina euskarazko eduki topatzea da. Zorionez, Primeran plataforma iristear da. Aztertuko dugu hori ere, eta aipatuko dugu, baina bien bitartean, eskura daukagunarekin konformatuko beharko dugu. Barbie-ak eta bonba nuklearrak uda inbaditu duten honetan, nahiko nuke bi film horiek sortu duten zalaparta euskarazko bi ikus-entzunezkok ere eragitea. Irudikatzen duzue? Nik une honetan ez, behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.