Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ongi eginak

2023ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Nori ez zaio gertatu? Topatutako albiste edo adierazpen batek sumindu zaitu, eta erabaki duzu munduari adieraztea. Zuzendariari bidalitako gutun forman, behinola. Txio soil batean, orain. Asteon Imanol Lasa EAJko Gipuzko Buru Batzarreko kideak baliatu du aukera, iradokiz egunkari honetan ez dugula ETBz deus onik esaten. Lasak haizatutako susmoa aprobetxatu nahi nuke esateko baietz, EITB Taldeak egiten dituen gauza asko iruditzen zaizkidala txalogarriak (eta goraipatu ditugula hemen, ez gutxitan gainera). Hona punpa lasterreko zerrenda.

Irabazi Arte eta Go!azen produktu arrakastatsuak dira, asmatu dutenak nerabeekin konektatzen, euskarazko musika protagonista bihurtuta eta gizarte gaiei tokia eginez. Herri Txiki Amerika Handi itxiera borobila izan da Pagadi-Gurrutxaga binomikoak egindako bidearentzat. Piztu Telebista, bere sinpletasunean, ikuslea harrapatzen duen formatu atsegina da. Bat baino gehiagori iluntzeak arindu dizkio Mihiluze berreskuratzeak. Hitzokei saioak segida ezin txukunagoa eman dio Ahoz-aho-ri. Urko Aristiren goxotasuna eta plato koloretsua konbinazio paregabea dira. Ta Bihar zer? saioak zein Vikingak-ek formatu berriak esploratu dituzte, emakumeak lider dituzten lantaldeekin eta euskarazko telebistaren begirada zabalduz. Biba Zuek-ek ezin hobeto betetzen du arratsalde-pasarako saio bati eskatu behar zaiona. Justuko aurrekontuekin bada ere, fikziozko proposamen helduak aurkeztu ditu ETBk azken urteotan: Hondar ahoak, Altsasu, Alardea, Beti Mugan...

Hori guztia, ETB1-i dagokionez. Baina txalotu ditugu hemen berritasun gehiago. Gaztearen bilakaera, pixkanaka ikus-entzunezko unibertso digital aske samarra bilakatuz. ETB Podkasten lana, dozenaka saio fin ekoitzi edo sustatu dituena. Primeran plataformarekin hasitako bidea. Edo tokiko hedabide batzuekin izandako kolaborazio jarrera. Hori guztia eta gehiago egin du, azken boladan, ETBk ongi. Eta pentsatu nahi nuke lan horietan guztietan aritu diren profesionalek sentitzen dutela haien lana aitortzen dela hemen. Euskaraz bizi den komunitateari zerbitzu publiko txalogarria eskaintzen diote. Eta hain justu horregatik, haiei zor diegun begiruneagatik, salatzen ditugu hemen euren lana oztopatu, zaildu eta zikintzen duten erabakiak edo erabakirik ezak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.