Fansak ginen: La hora chanante eta, batez ere, Muchachada Nui —nui!—. Nola ahaztu, adibidez, Celebrities atala — «ahí va, qué chorrazo»—, adibidez, Manu Chaori egindako imitazio gogoangarria —«Hola, soy Manu Chao. Cantante. Bueno, primero ser humano y luego cantante. Ciudadano del mundo. Apátridarrr»—. Nik ulertzen dut umorearen kontu hori generazionala izan daitekeela, gure belaunalditik kanpo —goitik batez ere, baina akaso baita behetik ere— telebista programa horiek kaka zahar bat iruditzea. Guri, ordea, zenbat momentu ahaztezin igaroarazi dizkiguten, amatxo maitea. Eta ez derrigor beti drogaren baten eraginpean.
Baina fansak ginela esan dut, horrela, iraganean, ez baitakit orain egiten hasi diren honekin berdin jarraituko ote dugun fansak izaten: Torres y Reyes izena du saio berriak, La2 katean ematen dute, ostegun gauetan. Eta La hora chanante eta Muchachada Nui —nui!— saiotako buruetako bat zen Joaquin Reyesek gidatzen badu ere, pereza handia ematen zidala ezin dut ukatu. Pereza handia albistegietako Mara Torres aurkezle zozomikote horrekin batera gidatzen duelako. Pereza, lehenengo saioan dagoeneko, gonbidatu zituztelako Paco Leon aktorea, Juan Jose Millas idazlea eta Luis Rojas Marcos psikiatra. A, baina hasi nintzen saioa ikusten, eta, hara, halako batean gertatu zen miraria: agertu zen auskalo nondik Enjuto Mojamuto nostalgiaz gogoratua, betirako hilda uste nuena, eta pereza guztiak uxatu zizkidan kolpetik. Beste programa bat ikusten hasi nintzen handik aurrera.
Egia da ez duela ia zerikusirik La hora chanante eta Muchachada Nui —nui!— haiekin. Labur, beste gauza bat da, oso bestelakoa. Baina berdin iruditzen zait interesgarria. Sareari oso adi, ez soilik nabigatzaileak arrantzatzeko, Internetek berak eskaintzen dituen nobedade, gauza bitxi, interesgarriei erreparatzen die, bolo-bolo dabiltzan gaiei buruz eztabaidatzen dute —komunikazio modu berriei buruz, mundu digitalak pertsonen arteko harremanetan duen eraginari buruz—, dena formatu orobat erakargarrian. Eta garai batean Espainiako telebistaren influentziapeko gazte belaunaldi batentzat mito bilakatu zen saio bat, La bola de cristal, adibidez, ez ote daitekeen izan oraingoarentzat Torres eta Reyes gisako zerbait. Gehiegi esatea izango da, noski, edota jada beste garai batekoak garela.

Komunikazioa. Ekografiak
Oraingo gazte belaunaldiarentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu