Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Ordaindu

2023ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Errenta aitorpena egiteko epea ireki da eta zergen ordainketen garrantziaz mezu asko jasotzen dira garai honetan. Zergen bitartez gizartearen ongizaterako beharrezkoak diren zerbitzuak ordaintzen dira. Osasuna eta hezkuntza dira beharrezkoenak, eta azken urteetan bi sektoreetan lan gatazkak eta arazoak ikusi dira. Urtero zergak ordaintzen ditugu, baina gobernuek bi zerbitzu horietan murrizketak egin dituzte. Egoera honen aurrean, gure ohiko galdera honakoa izaten da: «Zer gertatzen ari da gure diruarekin?». Agian beste galdera bat egin beharko genuke: «Denok berdin ari al gara ordaintzen?».

Enpresa askok ingeniaritza fiskala erabiltzen dute zerga gutxiago ordaintzeko. Praktika horietan dirua paradisu fiskaletan jartzeko aukera dute. Egoera hori hobeto ulertzeko, Filminen aurreko astetik ikusgai dagoenLa (très) grande évasion dokumentala gomendatzen dizuet. Bertan, ihes fiskala nola egiten den eta zer ondorio dakartzan aztertzen da. Ekonomiako kontzeptu zailak alde batera uzten dituzte, eta nahiko modu errazean azaltzen da. Dokumentalean, ihes fiskala aberatsen kirola dela aipatzen da. Kontzeptu interesgarria iruditzen zait; aberatsentzat dirua paradisu fiskaletara eramatea ohikoa da, ia errutina bat. Dokumentalean, hori nola egiten den azaltzen da. Buruzagi politiko batzuk praktika horien konplizeak direla agerian uzten da.

Bitartean, gizartean beharrezkoak diren zerbitzuen kalitatea behera doa. Osasun zentro batzuk medikurik gabe daude herrialde askotan eta pertsona arrunten osasun ekonomiko eta fisikoa okerrera doa. Inflazioak sortutako krisi ekonomiko honen testuinguruan enpresa batzuk egoitzaz aldatzen ari dira. Azken egunotan, Espainiako Ferrovial enpresak bere egoitza Herbehereetara aldatuko duela baieztatu da. Espainiako Gobernuarentzat arazoa izango da lekualdaketa hau. Eraikuntzako enpresa horren aldaketa zerga gutxiago ordaintzeko izango dela argi dago. Enpresak gastu bat murriztuko du, baina gizartearen bizi kalitatean nabarituko da aberatsei hainbeste gustatzen zaien kirol hori. Dokumentala ikusi ostean, errenta aitorpena egin nuen. Aberatsek bezalako trikimailurik ez dut erabili aitorpena egiteko, baina dokumental horrek gaur egun bizi dugun egoera hobeto ulertzeko asko balio izan dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.