Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Orduan jakingo banitu...

2016ko abenduaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gogoan dut, egun hartan, Euskaldunon Egunkaria besapean iritsi nintzela fakultatera, kazetari gaia ni. Han jakin nuen hura izango zela izen harekin erosiko nuen azkena. 2003ko otsailaren 20a zen, bistan denez.

19 urte, eta buruan txori gehiegi neuzkan. Mingarria suertatu zitzaidan gertatua, orduan. Joan den asteartean barruak nahasi zitzaizkidan egun haiekin gogoratzean. Itxieraren minari ezjakintasunarena gehitu zitzaion. Hamaika telebistan eta BERRIAren webgunean eskainitako Gaur irekiko ditu ateak dokumentalak eragin zidan sentsazioa. Orrialdez orrialde hatzak tintaz zikintzen dituenak bezala ikusi nuen, pozez eta gozamen handiz. Inbidiaz entzun nituen sortze prozesu haren kontakizuna egiten zuten lagunen hitzak, herri honen historian bide berri bat urratu zuen gertakariaren parte izan zirela iradokitzen baitzuten, harrotasunez. Utopia errealitate bihurtzeko baino, egunerokoan sortzen diren arazoei heldu eta irtenbideak bilatzeko gaitasuna azaltzen du Eriz Zapirainen lanak. Sarritan bertso txikietan denbora galtzen dugun aldiro gogoratu beharrekoak jartzen ditu mahaiaren gainean: txikitasunetik abiatzearen onurak, elkarlanaren garrantzia, umiltasunaren emaitzak, anbizioa izatearen eta konplexuak albo batera uztearen mesedeak. Gaur egun hartutako ez lituzketen zenbait erabaki hartu izana txalotu egiten diet Imanol Murua Uriari eta lantaldeko guztiei. Eta Luistxo Fernandezek omenaldi baterako Eusko Jaurlaritzaren deia jasoko ez duen arren, merezi duela aitortuko diot nik hurrena ikusten dudanean, begiradarekin bada ere. Duela hamahiru urte asteartean ikasi nuena jakingo banu, balio praktiko handiagoa emango nieke orduko protesta eta salaketei. Kazetaritzako ikasleok kontakizun hura lehen eskutik jasotzearen garrantzia aldarrikatuko nuke, bestelakoekin batera. Era berean, desberdin begiratuko diot aurrerantzean abenduaren 6ari. Izango dut jai eguna ospatzeko arrazoi zilegi bat.

Eta bila jarraituko dut, Joxemi Zumalabe moduko pertsonen bila, Xabier Lekuonaren hitzak gogoan: «Izugarria zen; bizirik balego egunkari bat ez, izango genuke telebista askoz hobe bat utziko baliote, edo bestela moldatuko luke bidea telebista hobe bat izateko; eta erraztasun handirik emango ez baliote ere, bilatuko lituzke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.