Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Osotasuna

2016ko urriaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Asteartean entzun nuen albistea. Fiskaltzak hamasei urteko gazte bat hiru urtez zaintzeko eskaria egin du, ikastetxeko kide bat larriki erasotzearren. Ikastetxean jarritako kamerak erabakigarriak izan omen dira erasotzailea nor den jakiteko. Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusia atsekabetuta mintzo da, beste kasu batzuetan epaileek ez dutelako kamerak jartzeko baimenik eman. Horrek zaildu egiten omen du delituak frogatzea.

Biharamunean, bolo-bolo zebilen albistea. Albistearekin batera, betiko eztabaida: eskola jazarpena saihesteko ardura zeinena den, zein den horretarako bide egokia, segurtasunaren eta askatasunaren arteko talka kamerak erabiliz gero... Kameren erabileraren zaleek zein aurkariek bat egiten dute hezkuntzaren eta balioen garrantzian. Lehen pausoa zein den badakigu, beraz. Halaber, heziketa hori ezin da irakasleen edo ikastetxeetako arduradunen esku soilik utzi. Lanketa etxean hasi behar da, eta eskola eremuarekin bat egin.

Zer pentsatua ematen du etxearen kontzeptu horrek. Pentsa daiteke etxeko kideen arteko harremanaz ari garela hori esatean. Ordea, aitak eta amak esaten eta irakasten zizkidatenek adina eragiten zidan niri telebistak txikitan. Hala eragiten dit oraindik ere. Baina hartzen ote dugu telebista etxekotzat, eskola jazarpenaz ari garenean? Utz ditzagun albo batera, gaurkoz behintzat, arrazoiketa lausotu dezaketen fikziozko telesail, film eta dokumentalak. Goazen mamira. Jakina da gazteentzat erreferentziek indar handia dutela, imitazio dela haien jokabideen gakoetako bat. Har dezagun futbola, adibidez. Aste honetan bertan ikusi ditugu bi taldetako jarraitzaileak borrokan, itxuraz, zentzu askorik gabe. Astero ikusten ditugu jokalariak bero-bero, elkarri direnak eta ez direnak esan eta emanaz. Har ditzagun realityak eta haien jarraipen saioak. Har ditzagun gazte horiek aspertu arte entzun behar izaten dituzten eztabaida politikoetan oinarritzen diren emanaldiak. Zer esan albistegietan ematen diegun ereduaz.

Gogoan dut bilera batean gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko programa bat sortu nahian genbiltzala behin. Haserre mintzatu zen kideetako bat. Nazkatuta zegoela gazteei eskatu eta helduekin eskuzabal izatearekin. Eskolako jazarpenarekin antzera gabiltza, gaia osotasunean ikusteari uko eginez, badaezpada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.