urtzi urkizu

Pantailetan Korrika Baionaraino (eta II)

2024ko martxoaren 24a
05:00
Entzun

«Bi, hiru, hogeita hiru. Harro herri korrika, harro herri korrika, harro herri korrika, bagara. Harro herri korrika, harro herri korrika, harro herri korrika plazara! Harro herri, hona gu, euskaldunak. Euskararen lagunak, hats eta izerdi. Herri harro sarean eta kalean. Bihotza pil-pilean tik-tak, tik-tok, tik-tak, tik-tok. Mingainaz mingaina, mintzairaz mintzaira, Lurrarekin batera jira eta bira. Ku kukulumuxu, koko kokoriko. Euskararen sarea ez da eroriko...»  Ez ba, ez da erori. Eutsi dio sendo 11 egunez 23. Korrikak. Gaur akabera, Lapurdiko hiriburuan, Baionan. Eta euskal komunikabideetan entzun eta ikusi ahalko da.

Euskal Herritik kanpo ere egin dituzte makina bat Korrika. Euskararen alde egin dute Korrika Bartzelonan. Egin dute Korrika Madrilen. Berlinen, Washingtonen, Pragan, Mexiko Hirian, Buenos Airesen, Sao Paulon (Brasil), Melbournen (Australia), Habanan... Egin dute Korrika Leonen (Nikaragua). Baita Mediterraneoan migratzaileen erreskatean aritzen den Aita Mari ontzian ere. Pantailetan zabaldu dira haietako asko, denen harrotasunerako. Ahaztu gabe egunotako Korrika kulturalak eta neska-mutikoen Korrika txikiak.

Harrotasun trabestia. Harrotasun gaya eta lesbiana. Lagun taldeak, harro. Elkarteak, herri mugimenduak, erakundeak, hedabideak, alderdi politikoak, sindikatuak, dendak, ostatuak, kirol taldeak, auzokideak, gazte asanbladak eta kolektiboak. Lekukoa, eskuz esku. Pantailak lekuko.

Eguneko 24 orduetako zuzeneko streaming-a eta errealizazioa Korrikako furgonetan nola egiten duten azaldu zuen Oli Artola BERRIAko ikus-entzunezkoen taldeko kideak. Bi kamera daude furgonetan: Go Pro kamera eta handiago bat. Bi txandatan antolatzen dira 24 orduko seinalea mantendu ahal izateko. Eta aurten, estreinakoz, kameren irudiak furgonetan bertan errealizatu dituzte. Drone bidezko irudiak ere hartu dituzte. 360 graduko kamera batekin, bestalde, irudi ikusgarriak zabaldu dituzte. Mirari planifikatu bat da 11 eguneko etenik gabeko Korrikaren seinalea. 

Emozioak oso gorantz egiten duenean, ez da komeni kolpetik jaistea. Hortaz, osasun emozionalaren mesedetan, Hamaikak Hegoaldeko hiriburuetan eta Tuteran (Nafarroa) egin dituen saio bereziak pantailan berreskuratzea aukera ona izan daiteke. Izango da BERRIAren kronika edo bideoren bat ere oraindik ikusi gabekoa...

Korrika osteko egunetan lurreratzea patxadaz jasateko aukera gehiago badira: adibidez, Korrikaren webgunearen barnean dagoen Korrikateka-n sartzea. Han dira azkeneko urteetako abestiak, kartelak, unitate didaktikoak, bideoklipak, dokumentalak eta lekuko barruko mezuak. Gaur Baionan irakurriko duten mezu ezkutua inprimatu, eta hitzak lagun artean eztabaidatzea ere izan daiteke beste aukera bat; Whatsapp edo Telegram bidez, lagunak urrun bizi badira.

Txioak eta argazkiak

«Ez da harrokeria, baina umiltasunetik harro esan dezakegu ikuskizun eder hau antolatzeko kapazak gu bakarrik garela munduan!». Ibon Iza bertsolari eta Berritzegune Nagusiko aholkulariak hori txiokatu zuen, telebistan Korrika ikusten ari zela. Izan dira X sarean txio berezi gehiago. Idoia Torregarairena, hau: «Gaur #Korrika egiten titi bat atera zait bularrekotik. #Muganbizitzen». Umorea, Korrika bezain pizgarria. Zihara Enbeita larri zen: «Bazkaria erreko zait Korrikari begira».

Pantailetara, halaber, egunotan Korrikako argazki hunkigarri eta indartsuak iritsi dira. Lehen egunean Gari Garaialdek atera zuen argazkia: etorkin bat Santiago zubian korrika. Edo aitona-amona maitekorrak Korrikan parte hartzen.

Bizipoza eragiten duen argazkia da Idoia Zabaletak Tuteratik Arguedasera (Nafarroa) bidean joan den igandean atera zuena. BERRIAko hainbat kazetari gazte, tartean Korrikaren berri 11 egunez eman duen Irati Urdalleta, irribarre handi-handi batekin. Erribera euskaldunaren ametsa, Korrikaren alaitasuna eta euskarazko egunkariko kazetari gazteen inplikazioa. Dena bat, irudi batean. Bada zerbait. Aje on!

Korrika. BERRIAren kilometroa Tuteratik Arguedasera bidean.
Korrika. BERRIAren kilometroa Tuteratik Arguedasera bidean, martxoaren 17an. IDOIA ZABALETA / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.