Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Paristik natorren...

2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Artista bat naiz ni». Baina ez, umeak ez bezala artistak ez datoz argiaren hiritik. Hori diote, gutxienez, Lanartea euskararen langile profesionalen elkarteak eta BERRIAk pasa den asteartean estreinatu duten Ez gatoz Paristik podcastaren izenburuak. Promo moduan, bideo iradokitzaile batean motozerra eskuan duen pertsona batek diskoak eta liburuak birrintzen dituen bitartean; offean, berriz, sortzaileen testigantza zatiak eskaintzen dira, Zatiketa izenburuko lehenengo atalean entzungo dugunaren aurrerapen gisa.

Motozerraren hots horrek irekitzen du saioa, gero leitmotiv moduan erabiliz, gai batetik bestera igarotzeko, Paristik natorren kantan oinarrituriko Iban Urizar Amorantek sorturiko sintonia eta adierazleekin batera. Amagoia Gurrutxagaren lokuzioak atalak josten ditu entzuleak eskutik eramanez. Den-dena gidoi bikainaren gainean, non denetarik topatzen dugun: literatura, informazioa, elkarrizketak, iritzia, umorea, dramatizazioa..., hau da, irratsaio bati eskatu ahal zaion ia guztia.

Izan ere, eta irratiko irakaslea naizenez, irrati hizkuntzaren erabilera eredugarria dela azpimarratu nahi dut; lokuziotik eta ahots aniztasunatik hasita musika aukeraketaraino, abesti bakoitza bat baitator laguntzen dion gaiarekin. Eta nabarmendu nahi dut hotsen erabilera, soinu-mintzairaren elementu ikonikoena, gutxitan erabili ohi dena, adierazpen ahalmen handia duen arren. Sei atal agindu dituzte hemendik urte amaiera arte, eta ez da erraza izango lehenengo atal horretan eskaini duten mailari eustea, adituko dugunon gozamenerako. Bi astean behin, BERRIAn eta elkartearen webgunean galdu ezin dugun hitzordua, zalantzarik gabe!

Estreinako atalean, liburu eta diskoen sortzaileek saldutako ale edo deskarga bakoitzeko irabazten dutenaz aritu dira Patxi Zubizarreta idazlea, Eider Eibar irudigilea eta Joseba Baleztena eta Miren Narbaiza musikariak. Gartxot Unsainenak abesti bat sortu du Zubi-musu bat tartean eta, Hi bizi haiz hi atalean, Harkaitz Canoren testuan oinarrituta, Faktura Galduaren Bila izeneko irrati-nobelak umorez azaltzen du kutur eragileen beste amesgaiztoa: fakturatzearena, alegia.

Ekoizpen eta errealizazio biribilak dituen saioa da, eta baina bat jarri beharko banu, ehunekoek ito nautela aipatuko nuke; hala ere ezin ukatu datu horiek ongi erakusten dutela egoeraren gordintasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.