Aritz Galarraga.
EKOGRAFIAK

Penetan dagoeneko

2015eko abenduaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez naiz ni penatuko Goenkale bukatu delako. Esan nahi dut: gogoratzen diodan azken kapitulua dela 1998koa-edo. Despedidakoa ere ez dut ikusi —basikoki, Jacques Tatirekin nengoelako: Mon oncle, Jour de fête eta Play time, hirurak jarraian, Arte katean; dei nazakezu edozer gauza, Mursego maitea—. Hala ere, ez naiz euskarazko telesail mitikoenak euskal kulturari egindako ekarpena ez ikusteko bezain itsua. Geratuko zaizkigunak dira: Goenkale, bizitzak zainak labur nobela —urte hartako Euskadi Saria modu ulertezinean irabazi ez zuena—, EHUk jaso duen Goenkale corpusa — «Ibarretxerena baino plan hobeagoa zerabilkiat kasko zahar honetan bueltaka, nire Porrutxo poz-pozik edukitzeko»—, eta bere garaian Iñaki Beraetxe Tximas-ek pertsonalki emandako gomendio bat, ahalik eta gutxien betetzen saiatu naizena: «Kontuz drogarekin».

Ez, baina jar gaitezen serio—dakigunik eta serioen—: Itxaro Borda fan atsolutoak esan bezala, «hiru mila eta hirurehun atal, hogei eta bat sasoi, ehunka antzezle, zuzendari, muntatzaile, musika egile eta gidoi osatzaile parrastak, segundo bakoitzean hogeita lau irudi», gauza gehiegi dira, zutabetxo batean kitatu ahal izateko. Goenkale inportantea zen. Uste baino inportanteagoa. Besteren artean besteen berdin, arrunt, normal egiten gintuelako. La1k orain dituen bezala Acacias 38 edo Seis hermanas. France3k duen bezala Plus belle la vie. TV3k, La Riera. Edo TVGk Pazo de familia. Pentsa, galesek Pobol y Cwm dute, azken 41 urtean —zeinatik hartu zuten Goenkale-rako ideia—. Bada, telebista normal batek exijitzen du bere telenobela. Izan daiteke hobea edo txarragoa —tira, izatekotan, izan dadila ahalik eta onena, noski—. Izan daiteke originalagoa edo kopiagoa —kopiatzekotan ondo kopiatu, ordea—. Izan daiteke aspergarriagoa, entretenigarriagoa, jakingarriagoa —norberak aukera beza adjektiborik egokiena—. Baina badirudi izan behar dela. Eta gurean jada ez da: gaur dugu Goenkale-rik gabeko lehenengo eguna. Urtzi Urkizuk esan bezala, gaur hasi da Goenkale Osteko I. urtea. Aurtengo urtea bukatu aurretik bukatu zaigu aro oso bat. Hondar egunotan ETBn ibili den iragarkiari buelta emanez, aitortuko dut: nik ere ez dut ikusi Goenkale-ko azken kapitulua. Ez naiz ni penatuko Goenkale bukatu delako. Baina penetan nago dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.