Ahal izan duguna egin dugula idatzi zuen Galarragak. Kritika maitasun keinutzat daukagula errepikatzeko aukera ez zuen galdu burkideak. Izan ere, horiek izan dira paper zuriari aurre egin (behar izan) diogun bakoitzean testua eraikitzeko guretzat ezinbestekoak izan diren bi zutabe irmoak. Zalantzarik gabe, barnea astintzen digun telebista publikoaren aldeko apustu zintzoa egin dugu. Ez dugu soilik telebistan ematen denaren irakurketa (eztabaidagarria, noski) egin. Ekografiak talaia proposamenak egiteko ere baliatu dugu: telebista publikoak barne hartu beharko lituzken gai eta formatuak proposatu ditugu, eta ikus-entzunezkoen erregularizazio mekanismoen hutsunea adierazi dugu. Idatzi dugun letra bakoitzeko sektoreko langileen prekarizazioa izan dugu gogoan, nahiz eta, seguru asko, euren borrokaren inguruan egin duguna baino sarriago hitz egin genezakeen. Hasieran Galarraga eta biok bakarkaka aritu ginen, eta azken ikasturtean espazioa tartekatu dugu, bidaide izanik.
Partekatzen dugun etsipen kantuaren mantra dira «ahal izan duguna» hitzak. Hori da barnean geratu zaigun erresonantzia. Edozein bidek bezala, gureak ere oztopoak izan ditu. Oztopoak baino, zaplastekoak. Ez pentsa etsipenak indarra eta gogoa erabat irentsi dituenik. Egia da zenbait ate itxi direla. Haatik, egia da ere beste hainbat ireki direla, ezustean eta ilusioz beteak. Bidean, kezkak partekatzeko plazak agertu dira, oasis handiak. Hau da, hedabideen orbitan bueltaka dabiltzan hainbatprofesionalekin ideiak trukatzeko aukera izan dugu, eztabaidarako eremuetan parte hartzeko aukera eman digutelako. Asko ikasi dugu.
Prozesuaren alde baikorrean, bada aipatutakoez gain ezinbestekoa den irla bat, eta utziko didazue moñas jartzen: irla hori urte parean eraikitako lantaldea da. BERRIA egunkariko kazetarien lana edota Urkizuren eta Galarragaren eguneroko feedback-a. Ahoan bilorik izan gabe eraikitako babes eremu zintzo, garden eta zorrotza.
Ez da lan makala kurtso amaierekin batera jaiotzen den ariketa gorputzetik pasatzea, hots, etorkizuna proiektatzea, atzera begiratzen den bitartean. Telebista amatatu eta sofatik altxatzeko tenorea iritsi da. Begiek irririk ez dute faltan, penarik ere ez. Plazer handia izan da, Galarraga!

EKOGRAFIAK
Plazer bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu