gaizka izagirre
'Ekografiak'

'Poltergeist' espainiarra

2025eko abenduaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Expediente Vallecas dokumental sortak Espainiako poltergeist kasurik ezagun eta mediatikoena aztertzen du. 1990eko hamarkadan, 17 urteko alabaren heriotzaren ondoren, Gutierrez Lazaro familiaren etxean fenomeno paranormalak gertatzen hasi ziren. Hogeita hamar urte geroago, familiak orduan gertatutakoa gogoratuko du, eta bizi izan zuten izua, manipulazioa eta trauma azaleratu.

Telesailak true crime-aren, dokumental historikoaren eta kontakizun paranormalaren arteko nahasketa interesgarria eskaintzen du. Elkarrizketak, artxiboko irudiak, dramatizazioak eta argitaratu gabeko testigantzak uztartzen ditu; kasua ikuspegi askotatik argitzen saiatzen da.

Dokumentala hiru ataletan banatuta dago eta pasarte bakoitzean kasuaren geruzak pixkanaka askatzen dira. Suspensearen erabilera zehatza eta neurtua da, ez da gehiegikeriatan erortzen, eta horrek tentsioa are eraginkorrago bihurtzen du.

Telesailak bikain islatzen du 1990eko hamarkadako Madrilgo giro soziala: langile auzoetako eguneroko borroka, gazteen kulturan okultismoak zuen arrastoa, eta misterio programen goraldia —Esta noche cruzamos el Mississippi, Iker Jiménezen lehen agerpenak...— ageri dira, eta garai horren paisaia mediatikoa zehaztasunez marrazten dute.

Lanak ikuspegi soil eta ia analitikoa du oinarri, gertakarietan eta haien ondorio humanoetan sakontzen duena, betiere kasua inguratzen zuen morboa saihestuta. Familiaren egitura emozionala eta haren arrakalak aztertzean jartzen da arreta: dolua, beldurra eta ezezaguna den horri aurre egiteak sortzen duen tentsio intimoa dira narrazioaren motor nagusia.

Dokumentalaren indargune nagusietako bat testigantzen balioa da. Protagonisten ahotsak elkarren aurkakoak dira batzuetan, eta kontakizuna aberastu eta konplexutasun gordin bat ematen diote. Telesailak ez du azalpen bakarra inposatzen; aitzitik, ikusleari uzten dio inplikatutako pertsonen lekukotasunen artean ondorioak ateratzen.

Misterioaren gainetik, telesailak giza istorio sakon baten geruzak erakusten ditu: dolua, familia barruko tirabirak, prekaritatea eta zaurgarritasun emozionala. Arlo paranormalaren presentziak, kasua azaldu ala ez, traumaren katalizatzaile gisa funtzionatzen du, baina, era berean, bizi izandako sufrimenduaren metafora indartsu bilakatzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.