gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Poparen gaurik handiena

2024ko otsailaren 7a
05:00
Entzun

Ziur nago Interneten sarritan ikusi duzula bideo batek jasotzen duen eta ia meme bilakatu den une hau: 1980ko hamarkadako musikari ezagun ugari (Michael Jackson, Bob Dylan, Bruce Springsteen, Diana Ross, Cyndi Lauper, Tina Turner…) We are the world... kanta abesten. Denak irribarretsu, gogotsu abesten, baina aurpegi horien guztien artean batek pizten du gure arreta: Bob Dylanen espresiorik gabeko aurpegiak. Bideo eta kanta horiek 1985. urteko gau bakar batean grabatu ziren, eta abestiari esker lortutako etekin ekonomikoak kanpaina humanitario bati eman zitzaizkion, Etiopian eragina izan zuen gosete zabal bat amaitzeko helburuz.

Netflixek estreinatu duen The Greatest Night in Pop dokumentalean, abesti hori grabatzeak eragin zuen guztia azaltzen du. 96 minutu irauten du, eta lehen zatia artisten aukeraketan eta antolaketan oinarritzen da. Bigarrena, berriz, superizar horiek ordu batzuez gela bakar batean bilduta egon zireneko ordu horietan zentratzen da. 2024an gauden honetan, leku desberdinetako artistekin abesti bat konposatzea teknikoki nahiko egingarria da; audioak zein bideoak partekatzeko sakelakoak ditugu, Internet, sare sozialak… Ondoren edizio txukun batekin pieza guztiak ahokatu eta hainbat musikarirekin osaturiko abesti bat egitea nahiko erraz egin daitekeen zerbait da. 1985. urtean, ordea, ez zeuden baliabide horiek, eta, horrelako abesti bat grabatzeko, nahitaez presentzialki bildu behar ziren artista guztiak, horrek esan nahi zuen guztiarekin; ordutegi zein agenda arazoak, lantaldearen kudeaketa nekeza, bidaiak eta batez ere egoen kudeaketa ikaragarria. Une horiek elkarrizketa zein artxibo irudiekin uztartu dituzte, eta horri esker oso erraz ikusten den lana iruditu zait.

Horiek dira koktelontzi honetan topatuko dituzun osagai guztiak, ez gutxiago baina ezta gehiago ere. Musikazalea bazara bereziki, gozatuko duzun dokumentala da; bestela, agian, errepikakor samarra irudituko zaizu. Abestia bera gutxienekoa delako, interesgarriena azaltzen diren anekdotak eta bitxikeriak dira. Nostalgia kutsu batek inbaditzen du kontakizuna, une horrek garai jakin batean musika nola egiten eta nola bizitzen zen adierazten duelako. Beharbada, sekula itzuliko ez den garai bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.