Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Punk

2025eko maiatzaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Arraio Irratiak hemeretzi urte betetzen ditu, eta, aurtengoa zenbaki borobila ez bada ere, zuzeneko musikarekin ospatzen dute. Ez dira bakarrak, Zarauzko irrati librean emititzen den Zaratazarautz saiokoek ere kontzertua aukeratu dute beren urtebetetze jaia egiteko. Irrati proiektu libre horrek ia hogei urte irautea berez meritua bada, zer esanik ez hasieratik bertan egon zen irratsaio bat hainbeste urtez ere airean egotea, bereziki denboraldi labur gutxi batzuk irauten duten podcastak proposatzen diren garai honetan.

Punk musika dute hizpide eta irratsaioaren soinu banda (haiek zarata deitzen diote, eta ez nik, gaztetxeetan sartzen nintzenean maketak zintetan grabatzen zirelarik). Eta horrek aukera ematen dit bide batez irrati askeen eta zuzeneko kontzertuen arteko lotura historikoa azpimarratzeko, bereziki mainstream ez den musika eskaintzen baitute, zirkuitu komertzialetatik at. Normalean ez ditut mota horretako saioak aipatzen, segur aski nik askoz gustu konbentzionalagoak ditudalako, baina berez betidanik izan dira programazio libre guztietako ezinbesteko osagai, metala eta hardcorea eskaintzen dituztenak bezalaxe.

Estetika ez da asko aldatu azken lau hamarkadetan, eta eskaintzen dituzten abestien hitzak bezain adeigabeak diren keinuez lagundu ohi dute saio bakoitza. Umorea eta probokazioa ez zaizkie falta, eta gehienetan gizonak dira mikroan daudenak, estudioetan eta kontzertuetan. Horregatik, ezustekoan harrapatu ninduen beste saio punkero batek, Txapa Irratiko Xarma, Tiro, Punk-ek. Kasu horretan emakumeek gidatzen dute, eta ia ehun saio aireratu dituzte 2020. urteaz geroztik.

Saio bakoitzaren podcastaren karatulan aurkezten duten irudiak berak agerian uzten du arestian aipatu dudan iruditeria maskulino horrekiko apurketa. Punk musikaren inguruko saio baten bila, ia kasualitatez topatu nuen, eta iruditeriak harrapatu ninduen; esaterako, menstruazio kopekin egindako toparen irudiak edo obulazioaren ziklorenak jakin-minez utzi ninduten, ez bainuen loturarik antzematen. Ez da ohiko musika saio bat, eta ukitzen dituzten gaiak aukeratu eta tratatzeko orduan genero ikuspegia agerian dago, eta musika bandan ere nabaria da emakumeen presentzia ohi baino handiagoa, dena punka ez bada ere, esaterako sintonia gisa erabiltzen duten Las Bistecs taldearen Señoras bien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.