Herri txikietan sortutakoak / hiri handietan bizi direnak / kanpotik datozenak/ kanpoan daudenak / gora gu ta gutarrak!» kantatuz, barne-barneko lurrarekiko maitasuna azaleratzen die entzuleei Esne Beltzak. Gu ta gutarrak esaerak daukan ahalmen bateratzaileak ez du sekula hutsik egiten. Fenomeno horri men eginez, eta jatorra hitzean ardaztuta, ETBk kuadrilla eratzeko reality show-a estreinatuko du astelehenean. Argi dago gazteen freskotasunaren bila ari direla, eta Cuadrilla busca cita saioarekin hartu zuten zartakoaren ostean beharrezkoa zutela euren norabide berri horrekin eta euskal ikusleok ditugun ezaugarriekin bat egin zezakeen formatuaren neurria hartzea. Berriz ere, telerrealitatearekin datozkigu, baina oraingoan, saioa euskaraz da eta senean klik egiten digun hirutasun terminologikoan oinarritutakoa; kuadrilla, jatorra, gu ta gutarrak.
Euskal Herrian bizikidetza azaltzen duten reality-ak zein errealitatean oinarrituta dauden magazinak kontsumitzen dira, eta ez hori bakarrik, audientzia marka onak egiten dituzte gurean, bai Tele5k bai Cuatrok ere. Haatik, Un príncipe para..., Gran Hermano, Mujeres y hombres eta halakoak gure telebista publikora ekartzea ez dugu onartzen, ez baikara besteak diren bezalakoak. Gora gu ta gutarrak! Bereizgarri handi bat dute hemen egiten diren reality-ek arestian aipatu ditudanekin; parte hartzaileek zerbait egiteko helburua dutelako uzten digute euren bizitzaren zati baten lekuko izaten. Horren adibide dira hala nola Barnetegia, Basetxea eta Euskal Herriko kuadrilla guztietako abenturazaleren bat lehiatzen izan duen El conquis.
Azaldutakoagatik, ez dakit nik, bada, astelehenean estreinatu behar duten programak nolako harrera izango duen, baina ukaezina da teknologia berriek gidatutako transformazio garaiaren erdian gaudela eta horrek telebistako formatuetan eragina duela, eta ez soilik gailuetan. Hamaika argazki, iritzi, interesa pizten diguten kontuak edo egunero gertatzen zaizkigunak partekatzen ditugu sare sozialetan. Gure bizitza ezagutzen ez dugun jendearekin konpartitzera ohitu gara. Orduan, zergatik kostatzen zaigu hainbeste telebistako reality-ekin harremantzea, dagoeneko aktibitate maila ezberdinarekin, baina populazioaren hein handi bat reality batean bizi bagara?

EKOGRAFIAK
'Reality' batean bizi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu