Lide Hernando.
'Ekografiak'

Salbatzailearen sindromea

2025eko maiatzaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Orain, The Handmaid’s Tale telesaila berriro bogan dagoela, hitz egin genezake, mesedez, Junek duen salbatzailearen sindromeari buruz? Spoilerrik nahi ez baduzu, ez irakurri hau; baina, egiari zor, asko poztu nau telesailaren tramak behingoagatik gai hori atera izanak. Iragan denboraldietatik pentsatzen nuen hori; sobera amorrarazten ninduen, eta gidoilariak nire susmoekin lerratzean justizia egin dela sentitu dut.

Testuinguru apur bat: argi dago June, telesail honetako protagonista eztabaidaezina, pertsona ausart eta bikaina dela. Gileaden biktima izateaz gain, bertatik ihes egin eta estatu faxista hori suntsitzeko hainbat ekintza zuzentzeko ausardia, odol hotza eta dedikazioa izan ditu. Baina goazen momentu batez salbatzailearen sindromea duten horien ezaugarriak zerrendatzera: gainontzekoen ongizatearen erantzule direla uste dute; ondorioz, besteak salbatzeko ardura dutela sentitzen dute; izan ere, barnean, gainontzekoek euren burua salbatzeko ahalmenik ez dutela pentsatzen dute; beraz, gainontzekoak baina trebeagoak sentitzen dira orokorrean; baina, era berean, salbatzen dituzten horien beharra dute euren burua balioesteko. Telesaila ikusi duzuenok, ez duzue paralelismorik topatzen?

Hainbat denboraldi daramatza Junek inguruan dituen horiei gauzak nola egin behar diren esaten; ekintzarik arriskutsuenak euren ordez berak egingo dituela esanez, eta hori betez; inork eskatu ez dituen esku-hartzeak eginez, ustezko onura orokor baten xerka. Istorio askotan ageri den heroiaren izaerarekin bat datorren ezaugarria da hori, dudarik gabe: Harry Potterrek soilik hil dezake Voldemort, Frodok soilik eskura dezake eraztuna Sauronen atzaparretatik. Eta zer nolako gozatua hartu dudan The handmaid’s talek mitoa apurtu eta, azken denboraldiko eszena batean, haren bikotekide Lukek eta lagun min Moirak aurre egin diotenean: «Hori egiteko gai ez garela uste duzu, ala?». Eta, ai ama, a zer gozatua hartu dudan Junek bere autonomada tipikoa egin —kasu honetan, antolatutako ekintzan sartu behar ez zuen pertsona bat sartuz— eta jokaldia gaizki, oso gaizki ateratzen zaionean. Gaizkileen aurkako gerran kolpe latza da hori, bai; baina aurrerapauso bat heroiaren mitoaren aurkako batailan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.