Sare sozialek aurrea hartu diote telebista konbentzioanalari informazioaren lasterketan

Oxfordeko Unibertsitatearen Reuters Institutuak 'Digital News Report 2025’ txostena argitaratu du. Ondorioztatu du hedabide tradizionalak beheraka doazela. Informatzeko gehiago erabiltzen dira sare sozialak, telebista konbentzionala baino.

Adimen artifizialari buruzko kongresu bat, Indonesian. MAST IRHAM / EFE
Adimen artifizialari buruzko kongresu bat, Indonesian. MAST IRHAM / EFE
2025eko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Inor gutxirentzat izango da harrigarri jakitea informatzeko modua erabat aldatu dela hondar urteetan. Izan ere, hedabide tradizionalek —hots, telebistak, prentsak eta webguneek— behea jo dute eta, aitzitik, gero eta herritar gehiagok erabiltzen dituzte Interneteko sare sozialak eta bideo plataformak albisteen berri izateko. Era berean, eduki sortzaile edota influencer direlakoen presentzia eta prestigioa asko handitu dira; eztabaida publikoak sortu eta gidatzen dituzte. Bestalde, adimen artifiziala informazioaren esparrura ere heldu da, eta aukerak eta kezkak sortu ditu kazetaritzan. Horiek dira Reuters Institutuak (Oxfordeko Unibertsitatea, Ingalaterra) Digital News Report 2025 txostenean datu bidez erakutsitako ondorio garrantzitsuenetako batzuk.

Albisteak sare sozialetan bilatzeko joera mundu osoan orokortu bada ere, AEB Ameriketako Estatu Batuetan nabaritu da bereziki. Lehenengo aldiz, han gainditu dute sare sozialek telebista; herritarren erdiek baino gehiagok (%54) sareko aplikazioak erabiltzen dituzte informatzeko. Bestalde, munduko hamar biztanletik batek sare sozialetara jotzen du astero albisteen berri izateko. Inkestatuen herenek Facebook eta Youtube erabiltzen dituzte informatzeko; %19k Instagramera eta Whatsappera jotzen dute informazio bila; %16k Tiktok hobesten dute; eta %12k, berriz, X, lehengo Twitter. Azken hori indarra hartzen ari da munduko merkatu batzuetan, hala nola AEBetan, Australian eta Polonian. 

Sare sozialen goraldiak influencer-en garaiari eman dio hasiera. Egun, youtuberrak, tiktokerrak eta podcast egileak ari dira komunikazio sistemaren izar bilakatzen. Halarik ere, paradoxa dirudien arren, laginaren parte direnen %47k uste dute Interneteko protagonista horiek berak direla desinformazioaren eragile nagusiak, politikariekin batera. 

Berriak jasotzeko modua aldatu izanagatik ere, sinesgarritasunak ez du behera egin azken hiru urteetan. Dena den, herritarren erdiek baino gehiagok onartu dute kosta egiten zaiela identifikatzea albiste bat benetakoa den edo ez. Datuen arabera, Afrikan eta AEBetan kezkatuago daude (%73) gai horrekin. Europan, berriz, %54k azaldu dute larritasuna. 

Etorkizunera begira

Adimen artifiziala informazio iturrien esparruan ere sartu da, nahiz eta oraindik ez den asko erabiltzen horretarako —%7 astero, albisteetan—. Informazioaren arloko adituek adimen artifizialaren abantailak eta kalteak ikertzen dihardute, eta ondorio batzuk ateratzen ere hasiak dira. Onuren artean, espero dute albisteak maizago eguneratuko direla, eta, horrekin batera, ulerterrazagoak izango direla. Txanponaren beste aldea, ordea, ez da horren samurra: baliteke informazioaren industriak adimen artifiziala baliatzea kostuak jaisteko eta algoritmoen atzetik ibiltzeko, edukien kalitatea hobetzeko baino. 

Azkenik, kazetarien etorkizuneko erronkak aletu dituzte txostenean. Kazetariei teknologia zentzuz erabiltzea gomendatu diete, eta gizakia erdigunean egotearen garrantzia azpimarratu. Nolanahi ere, erronka nagusia zera da, Reuters Institutuaren arabera: hartzaileak albisteen benetako balioaz jabetzea; hots, bai arretari, bai diruari dagokionez albiste horiek merezi dutela pentsatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.