Ekainaren 12tik 14ra, Midas erakundearen batzarraren testuinguruan, Goriziako (Italia) eta Nova Goricako (Eslovenia) hainbat erakundetako ordezkariek komunean dituzten egitasmoen berri eman zuten. Hain zuzen ere, Europako kultur hiriburua aurten bi herri horietan da —aurrenekoz mugaz gaindiko herri batean edo bitan—. Bestetik, Italiako iparraldean argitaratzen da Primorski Dnevnik egunkaria eslovenieraz, baina baita Esloveniako herri eta hiri batzuetan ere. Hamaika proiektu elkarrekin egiten ari diren herri bat antzematen zen han, nahiz eta bi estatu dauden. Baina mugaz harago bizitzearen espirituak indar berezia du, behin baino gehiagotan errepikatu zuten moduan.
Euskal Herrian ere bada muga bat, bereziki zorrotza dena Afrikatik datozen migranteentzat —Bidasoa ibaian hildakoak utzi dituena—. Eta bada erakunde, talde zein herritar askoren buruan Espainiaren mende eta Frantziaren mende bizi direla, Euskal Herria aintzat hartu gabe. Komunikabide batzuen eguneroko jardunean ere bai.

Euskarari lehentasuna ematen dioten egitasmoak badira, ordea. Horren adibide ona da Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio kooperatiba. Bezeroen arreta euskaraz egiten dute beti. Horrez gain, urtarrilaren 2an Begizta izeneko Internet bidezko telebista plataforma jarri zuten martxan —Durangoko Azokan aurkeztu zuten abenduan, Oñatiko (Gipuzkoa) Onarorekin batera—. Plataforma horretan telebista kate ugariren eskaintza bada, eta lehen tokietan euskarazko kanalak daude. Hamaika, Goiena, Kanaldude, Xaloa TB, Guka, ETB1 eta ETB3 daude aurreneko tokietan. Eta nabarmentzekoa da hori, Kanaldude euskarazko katea ezin baita tankerako beste telebista plataforma eskaintzatan ikusi Hego Euskal Herrian. Euskararen herriari begira egiten du lan Izarkomek, eta etorkizunean pauso berriak emango dituzte bide horretan. Ez da dudarik.
Badira komunikabide batzuk, gehienak euskaraz, ahalegin handia egiten dutenak eguneroko informazioetan zazpi lurraldeko herri bat badela irudikatzeko. Ez hiru, ez lau, ez beste hiru. Zazpi.
Sarebide
Egitasmo biziki interesgarri bat abiaraziko dute Euskal Herriko muga administratiboez harago Elhuyarrek, Hamaika Telebistak, Iparraldeko Euskal Irratiek —Antxeta Irratia, Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza—, Iruñerriko Euskalerria Irratiak, Kanaldudek —Bidarrain (Nafarroa Beherea) du egoitza— eta BERRIA egunkariak: Sarebide proiektua. Datozen hiru urteetan, baliabide eta soluzio teknologiko komun batzuk garatuko dituzte, euskarazko ikus-entzunezko edukiak zabaltzeko tresna berriak sortzeko.
Europako Batasunak finantzatuko du —aleluia!— proiektuaren %65, Interreg POCTEFA mugaz gaindiko lankidetza programaren funtsen bitartez, Mendebaldeko Eremu Funtzionalari (AFOMEF) dagokion deialdiaren barruan.

Sarebide osatzen duten bost komunikabideen gaitasun teknologikoak eguneratu nahi dituzte, euskarazko ikus-entzunezko edukien eta musikaren banaketa errazteko eta, horren barruan, adimen artifiziala ikertu eta aplikatu nahi dute, edukien kudeaketa eta erabiltzaileen esperientzia hobetzeko.
Bost hedabide horiek euskaldunengana iristeko moduak hobetu ahalko dira, Sarebideren egitasmoko iragarpen batzuk errealitate bihurtzen baldin badira. Izan ere, eduki digitalak kudeatzeko eta trukatzeko sistema komun bat garatu nahi dute datozen hiru urteetan, eta, horri lotuta, euskarazko ikus-entzunezkoen plataforma digital bat sortu. Baita musika plataforma partekatu bat ere. Horrez gain, euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpen komuna arakatu nahi dute, «publiko berriengana iristeko» asmoz —mantra bat da hori, nazioartean askoren ahotan den zerbait, baina egin beharreko ahalegina, zalantzarik gabe—.
Hori guztia gutxi balitz bezala, Elhuyarreko Orai zentroaren eskutik —adimen artifizialeko ikerkuntza, garapena eta berrikuntza egiten dute bertan—, adimen artifizialean oinarritutako tresnak ikertu eta aplikatu nahi dituzte.
Ea urak egiten duen bide Sarebiden. Behintzat, ziurra da hedabide horien egitasmoan Euskal Herri osoa aintzat hartuko dutela. Mugaz gaindi. Eta euskaraz.