Gaurko proposamenaren jatorrizko izenburua Armand da; narrazioaren gatazka nagusia eragiten duen haurraren izena. Gazteleraz La Tutoria aukeratu dute. Era horretako itzulpenetan sarritan gertatzen den moduan, indarra kentzen dio izenburu horrek; apur bat zentzugabea da. Halfdan Ullmann Tondel norvegiarrak idatzi eta zuzendutako lehen film horrek Urrezko Kamera irabazi zuen Cannesen, eta gaur iritsiko da Filminera. Bitxia da, baina oso gomendagarria.
Premisa, honakoa hau: Elisabeth (Renate Reinsve) eskolako zuzendaritzarekin premiazko bilera bat egitera deitu dute. Zerbait gertatu da Armand semearen eta Jon klasekidearen artean, biak 6 urtekoak. Haur jolas bat besterik ez da izan, ala zerbait serioagoa? Berehala azaleratuko dira guraso eta irakasleen arteko sekretu eta gaitzespenak eta bileraren kontrola galdu egingo da. Gatazka biziak eragingo ditu, eta haurtzaroko sexualitatea eta jokoaren eta indarkeriaren artean dauden eremu grisen erruduntasuna edo konplexutasuna agerian geratuko dira.
Bi umeak dira gidoiaren bihotza, etengabe mintzagai, baina ia inoiz ez dira pantailan agertzen; haien presentzia, ordea, une oro sentitzen da. Familia, eskolako zuzendaria eta irakasleak eramaten dute istorioaren arima, euren ahots eta keinuekin eraikiz kontakizuna. Haurtzaroko zurrunbilo emozionalak helduen munduaren gatazka eta sekretu gordinekin talka egiten dute. Aktore guztiek lan itzela egiten dute, bereziki Renate Reinsve (The Worst Person in the World) norvegiarrak.
Narratiba arraro samarra dela aitortuko dizuet; drama psikologikoaren kodeak ditu oinarri, baina zenbait une surrealista edo oniriko duten eszenak ere ageri dira, umore fin eta ezkutua lagun. Hasieratik onartu beharreko gonbita da, bestela zail egiten baita istorioaren erdigunean murgiltzea. Azken txanpan, gainera, gidoiak norabidea galtzen du apur bat, eta gehiegi luzatzen denaren sentipena helarazten du; originala eta pertsonala izateko irrikaz nahas-mas arraroa egiten du zuzendariak.
Erritmo geldoa —ez aspergarria— duen lan nabarmena osatu du Ullmann Tondelek; amaierako minutuetan norabidea galtzen duen arren, antzezpen lanak, eszenaratzeak eta duen atmosfera zapaltzaileak sostengatzen dute pelikula. Gehiagotik gutxiagora doan opera prima bitxi eta interesgarria.