gorka julio
Irlen sarea

Semaforo gorria Gasteizen

2023ko abenduaren 30a
05:00
Entzun

Gasteizko Udalak semaforoen kudeaketan hobekuntzak egiteko Googleren pilotu bat onartu du. Emisioak gutxitu eta trafikoa hobetzeko aitzakiapean, pauso bat gehiago ematen du hiriaren ordenamenduan, multinazional horien esku uzteko.

Lehenik, datuak oparitzen dizkiegu denok, eta gero, datu horiekin zerbitzuak eskaintzen dizkigute. Hori litzateke berezko titularra eta ez hedabide guztietan zabaldu dena. Koartadak betikoak dira: kostu murritza eta arrakasta eredua.

Kostu murritzari dagokionez, gogoratu behar dugu hau pilotu bat dela eta Googlek finantzaketa beste tokiren batetik lortu duela edo teknologia testuinguru ezberdinetan probatzeko leku egokia topatu duela Gasteizen; bere intereserako. Aurrerago, garatzen doazenean, Gasteizen ere prezio altuago bat ezarriko dute, eta, monopolio bilakatzen badira, handiagoa izango da.

Arrakasta ereduari dagokionez, propagandak dio Rio de Janeiro, Seattle, Hanburgo, Bangalore, Budapest, Manchester eta beste hiri batzuetan arrakastaz txertatu dutela. Baita horrela emisioak %30 jaistea eta trafiko emari azkarragoa lortu dutela ere. Hiri horiek behar duten logika eta gurea bestelakoa litzateke, kotxeari baino, oinezko eta garraio publikoari garrantzi gehiago emango liokeena, baina zer inporta du horrek eredu horientzat?

Teknologia horiek erabiltzeari uko egitea baino gehiago, gureak zergatik ez garen garatzen ari aztertu beharko genuke. Ez ditut Gasteizko datu zehatzak garapen horiek egiteko; horrela bada, zergatik ez? Goazen horretan pentsatzera, eredu prediktibo horiek garatzea ez da-eta hain zaila. Berehalako planifikazio urbanoan ezinbestekoak dira denbora errealean eguneratzen diren datuak, baina horiek eduki gabe ere datu historikoen bidez gauza asko egin daitezke. Zergatik ez dugu, behintzat, hori garatzeko biderik jartzen?

Uko egiten ari gara gure hiriak gobernatzeari, eta hori da okerrena. Gure erakunde publikoak, baina baita kapa teknikoek ere, ez daukate anbiziorik. Gizartearen onerako teknologiak asmatzea baino nahiago dute gure etorkizuna saldu eta multinazional horien eskuetan uztea. Konturatzen gara Googlek etorkizunean gure hiriak gelditu ditzakeela botoi bat sakatuz?

Erakunde publikoetako arduraduna edo teknikoa bazara, eskatzen dizuedana da, behintzat, kolpe horiek gelditzea eta ahal baduzue teknologia propioak esperimentatzeko ausardia izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.