Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Sexualki zuzena

2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Landakandak, Laja zenak lagunduta, kantatzen zuen pieza hura ekartzen dit gogora Laurie Nunnen Sex Education telesailak (Netflix, 2019-2020), Alkar maitatzen ez digute uzten izenekoa, honela amaitzen baita: «Garai hartan edozer / zan lizunkeria / guk sinistutzen gendun / hainbat tonteria / orain gaztea danak / dauka loteria». Ahal zuten neurrian, beren garaiko zapalkuntza ilunari beren baliabide urriekin aurre eginez, praktikan ez ezik teorian ere sexu askatasunaren aldeko beren aletxoa jarri baitzuten trikitilariek joan den mendeko hainbat hamarkadatan Euskal Herriko bazterretan.

Maiz entzuten dugu gaur egungo nerabe eta gaztetxoek pornografia dutela sexu heziketarako baliabide eskuragarri eta erosoena, baina, aldi berean, motibo batengatik baino gehiagorengatik, arrisku handikoa dela. Alternatiba egokia izan daiteke Sex Education protagonisten adinaren bueltan, hau da, 16 urteen inguruan, daudenentzat, baina ez haientzat soilik, urte batzuk gehiago dugun batzuei ere ez baitigu gutxi irakasten, ikusten ondo pasatzen dugun bitartean.

Zorrotz jarrita, izango da telesail horrek ematen duen ikuspegia kritikatzen duen ni baino jakintsuagorik, gaiaz informatuago eta arduratuagorik. Adibidez, kritikatzen hasita, transexualitateak presentziarik ez izatea kritikatu daiteke —oraingoz behintzat, akaso hirugarren denboraldian bai—, baina, sexualitatearen tratamenduari dagokionez, alde ederra hau ikusi edo beste belaunaldi batzuetako gazteok irentsi behar izan ditugunak irentsi! Niri, hala esaterik badago, sexualki zuzena iruditzen zait Sex Education, eta, esan bezala, ikusten oso ondo pasatzen dut, telesail bikaina iruditzen zait.

Gurean, ETB1en eta euskaraz, Go!azen-ek ere gisako lana egin ohi du, baina protagonistak gazteagoak dira, umeagoak kasik, eta sexuak askoz presentzia gutxiago du, alde horretatik urrun dago Sex Education-en ausardiatik. Baina susmoa dut Go!azen-en gidoigileek ezagutzen dutela Sex Education. Nekez izan daiteke, izan ere, kasualitate hutsa Go!azen-eko Garaziren (Nerea Elizalde) eta Sex Education-eko Maeveren (Emma Mackey) arteko antza, bi pertsonaien biografian ez ezik baita itxura fisikoan ere. Erreferentziatzat baldin badute Sex Education, ez da gaizki aukeratutako erreferentzia, ez horixe!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.