Inoiz egin diren telesail nordiko onenetako bik, Borgen-ek eta Forbrydelsen-ek, bi aktore ikusgarri dituzte protagonista: Sofie Gråabol eta Sidse Babett Knudsen. Bi lan horiei esker, nazioarteko ikus-entzunezkoen goi mailara iritsi ziren, eta ordutik, bi aktoreek antzezpen paregabeak eskaintzen jarraitu dute, eta beren ibilbidea etengabe sendotu. Azken urteotan bereziki nabarmentzen ari dira, eta horietako batek, Sidse Babett Knudsenek, Vogter estreinatu berri du Filminen: kartzela-giroko drama gogor, lehor eta gordina da, eta bertan, berriz ere, bere lan txundigarriarekin pantaila betetzen du.
Babett Knudsen Eva izeneko espetxe-funtzionarioaren azalean sartzen da, presoekin beti adeitsu eta arduratsu jokatzen duen emakumearenean. Eguneroko errutinak eta bere lanaren zintzotasunak gidatzen dute, harik eta egun batean iritsi berrien artean bere semearen hiltzailea dagoela ohartzen den arte; hortik aurrera, Evaren mundua aldatu egingo da.
Zuzendariak kartzelaren giro zapaltzailean murgiltzen gaitu lehen unetik, hormen hoztasunak eta isiluneek iradokitzen duten presio ikusezina ikuslearen gainera eramanez. Narratiba zehaztasun milimetrikoz eraikitzen du, tentsioa neurriz eta jakituriaz dosifikatuz, eta apurka-apurka erakusten du nola hasten den Evaren zintzotasun sendoaren geruza pitzatzen, barruko arrakala emozionalak bistaratuz. Gidoia ez da melodramaren gehiegikerietan erortzen; aitzitik, bilakaera psikologiko koherente eta sotil baten alde egiten du, pertsonaiaren barne mundua ñabardura txikien bitartez eraikiz.
Espazioaren eta enkoadraketaren erabilera bereziki esanguratsua da. Möllerrek formatu karratuan (4:3) filmatzea erabaki du, eta horrek itxialdiaren eta zapalkuntzaren sentsazioa nabarmen areagotzen du, pertsonaiak marko estu batean harrapatuta baleude bezala. Kamera ia geldirik mantentzen da. Konposizio simetriko eta zorrotzek barne-tentsio isil baina iraunkorra elikatzen dute, eta keinu bakoitza, txikiena ere, gertatzen ari den guztiaren zama dramatikoaz kargatzen da.
Azken txanpak ez du hasierako indar iradokitzailea, eta argumentuaren zenbait alderdi ez dira erabat sinesgarriak. Hala ere, osotasunean kartzelako drama oso sendoa da; Babett Knudsenen antzezlan bikainagatik bada ere, ikustea merezi du.