Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Sorrera hartako bozkarioa

2013ko azaroaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zortzi urte konplitu berri ditu Espainia aldeko Cuatro kateak. Ados, ez da efemeride bete-betea ere, zer dakit, 10 edo 50 urteak bezain. Baina erabat hunkituta utzi nau neroni. Atzo jaio balitz bezala gogoratzen dudalako oraindik. Eta orain lotsa ematen dit aitortzeak, baina ondo gogoan dut katearen jaiotzak nigan sortu zuen bozkarioa. Gogoan dut, ez zehatz zergatik, sorrera hartan Frantzia aldeko kate publikoak gogorarazi zizkidala; auskalo sorrera hartan erakusten zuen hautu estetikoagatik; auskalo sorrera hartan erakusten zuen printzipio zerrendagatik: gaztea, urbanoa, kosmopolita —besterik da gaur printzipio horiek positiboak ote zaizkidan—. Eta beti esan dezaket orain zortzi urte inuzente askoa nintzela, ez nekiela bizitzaz ezer, ezer telebistaz —kontua da zortzi urteren buruan gutxi-asko berdin jarraitzen dudala, inuzente askoa izaten, bizitzaz, telebistaz deus gutxi dakidala—.

Bozkarioa sortu zuen nigan Cuatro katearen jaiotzak nahiz erditze hartan Iñaki Gabilondo izan zuen emagin. Bozkarioa sortu zuen nigan nahiz Channel Nº4 izeneko saio bat zuen izar —oroitu, Boris Izaguirre eta abar—. Bozkarioa nahiz Iker Jimenez izugarriak betetzen zizkion gauak, haur bati mamu batek nola. Pentsa, sorrera hartan Callejeros gisako saio bati ere ikusten nizkion gauza positiboak. Baina egun batean gainbehera etorri zen dena. Egun batean argi ikusi nuen jendearen miseriaren kontura ari zirela, ikerketa soziologikotik gutxi zuela programa hark; inoiz baino gertuago sentitu nuen ustel kiratsa. Momentu hartan eraikinaren erorketa izan zen berehalakoa.

Gerora etorri direnak hondamendia berretsi baino ez dute egin. Coach show sorta bat: Supernanny,Hermanomayor, Malas pulgas. «Abentura» programa batzuk: lehiaketak —Pekin Express, Perdidos en la tribu—, pertsonalak —Jesus Calleja, Franck de la Junglarenak-. Eta kirolak: Cuatrokoak ez al dira izan orain Espainia aldeko pribatu guztietan nagusi diren kirol tarte okaztagarri horien aitzindariak? Lepoa egingo nuke baietz. Salbatuko nukeen bakarra, saio trospidoak. Pasa den astean bukatu zen azkena, ¿Quién quiere casarse con mi hijo? III. Irrikaz nago hurrena noiz hasiko, ¿Quién quiere casarse con mi madre? Baina ez ote den irrika hori, sorrera hartako bozkarioa gogoan, Cuatro katea bilakatu ziadan desastrearen egiazko neurri emailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.