Aritz Galarraga.
EKOGRAFIAK

Starrizarra

2014ko uztailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ematen du Badok.info atarirako kolaborazio bat eskatzen ari naizela; baina ez naiz ni, zin dagit, behartzen naute, kasu honetan euskal telebista publikoko lagunek. Ostegun gauarekin estreinatu baitzuten Stars izarrak kalean. Mekanismoa ez du bereziki konplexua: aurretik izen emandako lehiakideak harrapatzen dituzten inpentsan, adibidez gimnasiorako bidean, eta eramaten dituzte kantatzera ezagutzen ez duten herri batera —eta ez ezagutzearena kasu batzuetan da literala: Hondarribiko hiri oso prestu, oso leial, oso adoretsu eta beti oso zintzoa aukeratu zuten lehen saiorako, eta lehiakide bat ez omen zen sekula bertan izan, aizue; lehiatu gabe automatikoki kanporatzea merezi zuen—. Kalean kantatzera, zirkulazioa mozten zuen eszenatokitxo baten gainean. Bi finalerdi eta final bat, final handiago baterako txartela ematen duena. Eta nork erabakitzen du zeinek egiten duen aurrera: bada, entzule gisa dagoen publikoak, lehiakide bakoitzari txanponak boteaz. Txanpon gehien duena, aurrera.

Eta, tira, esan beharra dut ez nuela saioaz gauza gehiegi espero. Nire musika gustu prebisibleen arabera, harrika botatzekoa izango zela. Eta lehen finalerdia nire susmoak konfirmatzen hasi zen: zuzen-edo kantatzen zuten neska bana, baina, zer, talent show erabat. Sorpresa, ordea, etorri zen bigarren finalerdian. Solistak beharrean bikoteak ziren kasu honetan, eta bikote horietako batean, jesus, maria eta jose, a ze deskubrimendua, a ze ahotsa, a ze starrizarra. Labur esateko: euskal Susan Boyle. Esan nahi dut kantuan hasi aurretik ez zuela ezer berezirik promesten—bide batez, gainontzeko lehiakide guztiek bezala—. Baina kantuan hasi zenean, amatxo maitea, zer zen hori. Geratu izenarekin, Eli Huegun. Finalerdia aise irabazi zuten, beste bikoteak atera zuenaren bikoitza aterata. Baina finalean, eta egia osoa esan behar bada, bikotekidearen perizia ezagatik, eta euro bateko aldeagatik —txikiteroek ahotsa baino beste zerbait saritu zioten aurkariari—, ez ziren final handira pasa. Gora betiko alardea oihu egin izan balute, edo saioko arduradunek bi euroko txanpon bat bota izan balute ezkutuan, gaur ez genuke starrizar bat galdu izanaren damurik izango. Orain kaltea nola konpondu. Suerte pixkatekin, eta nire musika gustu prebisibleen arabera beti ere, honezkero izan du Bidehutsen dei bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.