Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Tentsioa vs ezinegona

2016ko ekainaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tentsioa. Tentsioa, urduritasuna eta ezinegona dira ostegun arratsaldez barneak astindu zizkidatenak. Tentsioa, EITBko zuzendariarekin izandako solasaldia, elkarrengandik urrun dauden bi pentsamolderen arteko kinka izango balitz legez. Idazteko eta barneratzeko zaila baita iritzia. Batez ere, ulertu nahi ez bada, iritzi artikuluak maitasun keinuek loratzen dituztela. Nola da posible? Arreta ematen digun horri erreparatzen diogulako, hots, kezkatzen gaituen horri. Urduritasuna, elkarrizketa egiteko aukera izango nuela jakin nuenean, makina bat lagunek EITBren inguruko galderak bidali zizkidatelako. Bada, bai, jaun-andreok kezka handia da. Gure hedabide publikoa guztion ardura delako; langileena zein ikusleona. Eta ezinegona, atzo Galarragak jaso bezala, hainbat eta hainbat erantzunek utzitako erresonantzia zalantzatia dela eta.

Maite Iturbe ez zen politikoki zuzena izan adierazi zuenean, esate baterako, etxeko langileen eta ekoizpen etxeetan proiektuka lan egiten dutenen errendimendua ez dela parekoa. Zergatik? Ekoizpen etxekoak arriskupean bizi direla dakitenez, beste erritmo batera ekoizten dutelako. Beraz, zuzendaritza bi egoeren arteko ezberdinentasunen jakitun dela baieztatu genuen. Azpimarratzekoa ere, Galarragak atzo identifikatutako baloien artean, Urnietara joan omen zen hura: zergatik erreparatu behar dio zerbitzu publiko batek hainbeste audientziei? Eta horrela jakin genuen ere, plaza txikietan handia den kulturari kostata egin —eta egingo— diotela tokia gure telebistan. Alegia, Hertzetan bezalako saio bat utopia hutsa dela. Haatik, Wazungu-kerietan dabiltzanentzat laudorioak izan zituen Iturbek; noiz ikusi ditugu, bada, etxola eraiki behar dutelako ingelesez hitz egiten duten abenturazaleak? Super interesgarria eta super didaktikoa. Noski, zenbat buru, hainbat aburu.

Lara Madinabeitia, BERRIAko ikus-entzunezkoen arduradun. Eta Arantxa Iraolak bere idatzian azpimarratu zuenez, «eutsi» izan zen gehien entzun genuen hitza. Iturberen zuzendaritzak uste du egoerari eutsi diola. Hemendik bost urtetara Internetera gehiago lerratuko den hedabidea izango dela espero duela azaldu zuen Iturbek. Horretarako eutsi baino lan handiagoa egin beharko da; eredu berria sortu beharko da. Posible bada, ikus-entzungo dugu nola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.