Fikzioa sortzen dutenen esanetan, istorioen hasierek sarritan buruhausteak eman ohi dituzte: ikusleak inpaktatu nahi horrek ideiarik freskoenaren bila jartzen ditu, frustrazioaren espiralean erortzeraino. Korapiloak ere ematen du zeresana; telesail askok, trama luzatzeko beste aitzakiarik ez, eta lastoa sartu ohi dute tartean, pertsonaiak arrazoirik gabe sufriaraziz.
Paradoxikoki, amaieren zailtasunaren inguruan ez da gehiegi hitz egiten. Amaiera katastrofiko asko izan dira, ordea. Beraz, argi dago, buruhauste asko eragiten ez dituen arren, badela askotan ikusleak gustura uzten ez dituen zerbait. Gaur telesail batzuen amaieren inguruan hitz egingo dut, nire ustez onak eta txarrak izan direnak bereiziz. Jakina, artikulu honek spoiler asko izango ditu!
Fleabag. Askok pentsa dezakete ustekabeko arrakasta izan duen telesail batek hortik hiru urtera bere bigarren eta azken denboraldia egingo duela iragartzean, gauzak halabeharrez okertu egingo direla. Ba, ez. Phoebe Waller Bridgeren telesailaz luze hitz egin nezakeen arren, gaurkoan soilik bere amaiera bikaina goraipatu nahiko nuke: ordura arte izan dugun laugarren paretaren joko hori, sutilki, amaitu egin dela iradokitzen duen kamera mugimendua —zehatzago esanda, mugimendurik eza, protagonista urruntzen doan bitartean— egundokoa iruditzen zait.
The Man in the High Castle. Telesailen historian eraman dudan bigarren dezepziorik handiena izan da, GOTen ostean. Ze premisa ona zuen istorio horrek. Ze aktore, ze eszenografia. Erditik aurrera, ordea, gidoilariak zabuka hasi ziren: pertsonaia nagusia hil, trama azeleratu... pena.
Dark. Amodio bezainbeste gorroto eragin du telesail horrek. Ni lehenengo taldekoa naiz. Iruditzen zait nabaria dela sortzaileek hasieratik zutela argi nola bukatuko zen, eta zenbat iraungo zuen; ez zutela utzi arrakastak garraiatzen, alegia. Ez dago azeleraziorik, ez plot twist arrarorik —nahiz telesail guztia horrelakoz josia dagoen—. Bere neurrian dago dena.
Game of Thrones. Gehiegi esan da horren inguruan, baina zerrenda honetan hori ez sartzea neure burua traizionatzea litzateke. Istorioak ikusleekin zuen paktua errotik moztu zuen amaierak; ondo garatutako arku batzuk presaz zapuztu, eta tronurako aukeraketa ezin ilogikoagoa egin.