Arantza Gutierrez Paz.
Podcastak

TIK

2024ko martxoaren 31
05:00
Entzun

Aste honetan aztoratuta ibili gara Telegram mezularitza-zerbitzua bertan behera geratuko zelakoan. Egia esan, horren berri izan eta berehala aukera ezberdinak aztertzen hasi ginen: Whatsapp hedapen-kanal bat zabaltzea, proxi bat erabiltzea estatu-esparruaren mugak eta, beraz, debekua gainditu ahal izateko… Momentuz, ezertan geratu da epailearen ebazpena eta gehienok lasaitasunez hartu dugu albistea; izan ere, sare sozial horretan, beste askotan bezala, baditugu errealitate batzuekiko atea, informazioa, aisialdirako aukera, antolaketarako bidea, informazio-kanal nagusia… Zurztasun sentsazio hori ez zaigu berria izan eta drama bihur daiteke estaldura barik geratzen garenean edo Internet «erortzen» denean…

Horretaz hausnartu zuten Asier Errasti eta Sara Lanz aurkezleek Cookie eta Kafea podcastaren hirugarren atalean. Ostegunero eskaintzen duten saio horretan, sare sozialek eta teknologia berriek —noiz arte deituko ditugu horrela?— gure egunerokotasunean, ohituretan, ingurunean… duten eragina mahaigaineratzen dute. Izan ere, gure bizitzan errotuta daude eta nekez ihes egin dezakegu, ezta naturan ere.

Sakelako telefonoak, sare sozialek edota adimen artifizialak eta, oro har, komunikazio teknologiek gure bizitzan nolabaiteko zentralitatea hartu aurretik hazi eta hezi garenok mesfidantzaz begiratzen diegu eta haien alde txarrena agerian jartzeko joera dugu. Ohi bezala, erabileran datza arriskua, ez teknologian. Eta horretaz ohartarazten saiatzen dira EITBk eta Orain prebentzioak eskaintzen duten PrebenTIK podcast-ean.

Momentuz, argitaratu dituzten hiru ataletan trataturiko gaiak honako hauek izan dira: sextina edo sakelakoaren bidez irudi sexualak elkarbanatzea, ziberjazarpena eta groomina, hau da, nerabeekin edo haurrekin harremanetan jartzeko pertsona heldu bat gazte baten identitatearen atzean ezkutatzea, askotan ere helburu sexualekin. Adingabekoek bizi ahal duten egoera baten antzezpen batean oinarrituta, narratzaileak horren atzean dagoen arriskua azaltzen du. Atal laburrak dira, eta, gai hauen inguruan egon ohi den tonu alarmistatik ihes egiten badute ere, zalantza dut dagokion publikoari iristen zaizkion ala helduon begirada beldurtuari erantzuten dioten. Hala ere, baliabide ona izan daiteke ikasgelan edo familian gaiaren inguruan hitz egiteko, aurrez aurreko solasaldian, sakelakoa itzaltzera gonbidatzen gaituzten horietako batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.