Ez nau harritu hauxe izateak hedabideen, eduki digitalen eta sare sozialen kontsumoari eta konfiantzari buruz Jaurlaritzak maiatzean argitaratu duen txostenaren ondorioetako bat: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleei irratia iruditzen zaiela hedabide fidagarriena. Harrigarriagoa izan daiteke akaso urteetan irabazitako zilegitasuna mantentzen duela berrestea, eta teknologia eta informazio bide berriek ez dutela sinesgarritasun hori arriskuan jartzen; aitzitik, indartu egiten dute. Izan ere, aipaturiko txostenaren arabera, sare sozialetan fake news direlakoak edo albiste faltsuak ugaritu direla hautematen dute herritarrek; zehazki, hamarretatik zortzik uste dute horrelako asko edota dezente daudela. Irratiari dagokionez, berriz, herritarren erdiek beste hainbeste irizten diote.
Horrekin lotuta, badago baikorra izateko beste datu bat: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarron erdiek baino gehiagok irrati bat sintonizatzen dute egunero informatuak izateko, Europako batezbestekoaren gainetik, eta soilik Austriaren eta Esloveniaren atzetik. Dena den, badago ahulgune bat; gazteek, sare sozialak gezurraren erresumak direla aitortu arren, nahiago dute Tiktok bezalako plataformetara jo informatzeko, irratia edo prentsa idatzia erabili baino. Eta, aldi berean, edo beharbada horregatik, gaztedia bihurtu da komunikazio publikoaren eragile guztien desioaren objektu, eta ondorioz haiengana heltzea bilakatu da estrategia komunikatiboen ardatz.
Aitortu behar dut azkenean kontu bat egin dudala Tiktoken, bereziki ikasleek aipatzen dituzten eduki edo pertsonaia batzuk ezagutzeko asmoz, eta noizbehinka ere sartzen naiz lagunen batek partekatutako bideo bat ikusteko. Horregatik, oso eremu arrotza egiten zaidan bezala, ulertzen dut irrati batzuek, ez soilik Gazteak, beharra dutela eremu horretan presente egoteko; beste kontu bat da ea amu hori irensten dutenak beste informazio kontsumo batera hurbiltzen diren, edo informatzeko ohiturak aldatzen dituzten. Susmoa dut, ordea, atzamarraz azkar irristatu ahal dituzten bideo laburrek liluratuta, algoritmoaren menpe egoten direla, eta hori arriskutsua da, sasi-egiak, informazio faltsuak eta aurreiritziak nagusi diren edukiak helarazten baitizkie, iritzi kritikoa lantzeko betarik eman barik.
Dena den, dena ez da urre, eta badaude beldurrezko mezuak zabaltzen dituzten irratiak, eta horiek, bai, hitz esanak urteetan irabazitako konfiantzaz baliatzen dira… Zorionez, gazteek ez dute gustuko.