gaizka izagirre
'Ekografiak'

Tragikomedia bat, bost zati

2025eko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez da telesail bat: herri txiki baten arima kolektiboa ehuntzen duen film bat da, bost zatitan banatutakoa. Gizakiak eta mamuak elkarrekin bizi diren tragikomedia bat da: bizidunek eguneroko buruhausteei egin behar diete aurre, eta hildakoek, heriotzaren atsekabeei. Bodegón con fantasmas Enrique Buleoren lehen lana da; umore beltzez eta kostunbrismoaren xarma zaharkituaz blaituta dator. Ekainaren 6tik aurrera izango da ikusgai Filminen.

Proposamenak berezko nortasun nabarmena du; onerako zein txarrerako, sailkapen errazetatik ihes egiten duen obra berezia da. Nahiz eta gaia eta kontakizunaren egitura bestelakoak izan, bada Chema Garcia Ibarraren Espíritu sagrado-ren oihartzun bat —hori ere biziki gomendatzen dut—; askoz arinagoa da, ez da hain aztoragarria, baina antzeko esentzia dute.

Bodegón con fantasmas herrixka bateko egunerokoa eta naturaz gaindiko elementuak nahasteko duen gaitasunagatik nabarmentzen da. Gainera, estereotipo sinplistetan erori gabe eta trebetasun handiz, Buleok benetakotasunez erretratatu du landa eremuko Espainiaren idiosinkrasia. Bakardadearen isiltasuna, tradizioaren sustraiekiko lotura, oroimena eta halako gaiak ere mahaigaineratzen ditu.

Gidoiak ironiaz zipriztindutako tonua darama, eta, zentzugabeak diruditen arren, elkarrizketek egia txiki eta zirraragarriak harrapatzeko gaitasun berezia dute, absurdoaren ertzean dantzan.

Filmak umorearen eta tragediaren arteko oreka fin bat bilatzen du, eta pertsonaien eta egoeren gainean begirada samur baina ziztakaria pausatzen du, goxotasuna eta ironia uztartzen ditu. Naturaltasun handiz antzeztuak dauden pertsonaiek nostalgia eta etsipen sentsazioa transmititzen dute, bizitzaren erritmoak gainditu duen mundu baten oihartzuna darie begiradetan.

Filmaren egitura zatikatuaren ondorioz, istorio batzuk beste batzuk baino sendoagoak dira, eta horrek esperientzia aldakorra eragin diezaioke ikusleari. Hala ere, zatiketa horrek berak herri txikietako bizimodua definitzen duten pasadizo eta kondairen collage sentsazioa indartzen ere laguntzen du.

Landa munduko kostunbrismoaren begirada sakonetik, bizitzaren eta heriotzaren arteko eztabaida ausarta eraiki du Buleok. Barreak eta hausnarketak elkarrekin lotzen dituen esperientzia bat da, oso berezia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.