Zeru haietatik zeru ahoetara. Argiago esanda, hogei urte dira TVEk TV3ekin batera finantzatutako Zeru horiek telefilma grabatu zutela. Aizpea Goenaga zen gidoilari eta zuzendaria, eta Nagore Aranburu aktore protagonista. Hogei urte geroago, Aranburu berriz ere pantaila betetzen TVEk finantzatutako euskarazko fikzio batean: Zeru ahoak —Koldo Almandoz da zuzendaria— telesaila RTVE Play plataformak estreinatuko du udazkenean, Donostiako Zinemaldian Sail Ofizialean emanaldi berezietan pantaila handian aurkeztu eta gero.
Hori da, bada, Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatuko den euskarazko aurreneko telesaila. ETBk ere parte hartzen du Zeru ahoak-en finantzaketan, baina ez du iragarri noiz jarriko duen Primeran-en. RTVEk, berriz, ohar sendo bat sareratu du Bocas de cielo-ren ingurukoak kontatzen. Izan ere, Donostiako jaialdiaren ostean, Primeran-ek euskaraz emango du, bertsio originalean, eta gaztelaniara bikoiztuta izango da ikusgai RTVE Play plataforman.

Espainiako talde publikoaren doako zerbitzu horretan bertan ikus daiteke Zeru horiek, baina gaztelaniaz bikoiztuta: Esos cielos. Bernardo Atxagaren eleberri bat oinarri hartuta, telebistarako pelikula interesgarria ondu zuen Goenagak. ETA erakundearen kontsignak albo batera utzi eta gizarteratzeko hautua eginda kartzelatik aterako den emakume batena egiten du Aranburuk. Filma baliabide gutxirekin egina dagoen arren, gidoia jostorratz tinkoz dago ondua. Autobus bidaiaren erdian, preso ohia jaitsi egiten da, lurrean etzan...eta Ruper Ordorikaren Hi nintzena entzuten da.
Zeru horiek-ek harrera beroa izan zuen Miarritzeko (Lapurdi) FIPA jaialdian. Aranburuk 29 urte zituen orduan, eta nabarmentzekoa da zein sendotasun zuen orduan ere protagonistaren rola jokatzeko. Badirudi batzuk orain ari direla Azpeitiko (Gipuzkoa) aktorea deskubritzen. Euskal kulturaren ohiko kontsumitzaileak, ordea, badaki zertarako gai den.
TVEk 2006. urtean estreinatu asmo zuen Zeru horiek. Manuel Perez Estremera zen TVEko zuzendari, eta hari esker ireki zen bidea Espainiako telebista publikoak telefilm batzuk euskaraz egiteko. Baina 2006ko abenduaren 30ean, ETAk Madrilgo aireportuko T4ko atentatua egin zuen. Ekuadorren jaiotako bi herritar hil ziren atentatu hartan. Besterik ere eragin zuen atentatu hark. Tartean, Estremerak irudikatutako bidea ez gauzatzea. TVEk handik bolada batera eman zuen Zeru horiek, desordutan eta iragarri gabe. Euskaraz ezin da inon ikusi.

Bestalde, Zeru ahoak ez da izango aurtengo Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztuko duten telesail bakarra. Paco Plazak —iaz Mugaritzi buruzko dokumental bat aurkeztu zuen— La suerte (Disney Plus) aurkeztuko du. Eta Alberto Rodriguezek, Anatomía de un instante.
Espainiako ezkerraren keriak
1981eko otsailaren 23an Espainian ematen saiatu ziren estatu kolpearen ingurukoak kontatzen ditu Anatomía de un instante telesailak, eta Eduard Fernandez aktoreak —Espainiako Zinematografia Saria jasoko du irailean— Santiago Carrillo PCEko buruzagiarena egiten du. Egongo da Carrillo idealizatuta duen ezkertiarren bat...
Baina Espainiako ezkerraren keriak ondo islatzen dira Carrillok egin zituen barrabaskeria batzuetan. Hain zuzen ere, Xabier Amurizak Nicanor Acosta apaiz ohi komunista elkarrizketatu zuen Apaiz kartzela dokumentalaren bueltan jasotako lekukotzen harira, eta Acostak Amurizari azaldu zion Carrillok zera esan ziola: «Nicanor, ni izan nintzen Gobernazioari Zamorako [Espainia] espetxeko tunelaren inguruko komunikazioa eman ziona». Kartzela horretan hainbat euskal apaiz antifrankista zeuden preso, beste herrialde batzuetakoekin batera, eta, hortaz, Carrillo izan zen haien ihesa galarazi zuena. Vimeon ikus daiteke Acostaren lekukotza hura.
Memoria historikoak beharrezkoak ditu Apaiz kartzela bezalako dokumentalak. Primeran plataforman ikus daiteke. Mereziko luke ETB1ek eta ETB2k ordutegi onean eta promozio txukuna eginda ematea; eta aparteko tarte batean, Amurizari Carrilloren jokabide harengatik galdetzea.
Zeru horiek telefilma ere bada memoria historikoa, fikzioaren bidez sortutakoa bada ere. TVEk modua egin beharko luke euskarazko bertsioa ikusteko. Edo beste eragileren batek, bestela.