Badira zenbait film lehen segundoetatik bere mundu propiora eramaten zaituztenak, arnasa estutu eta begirada iltzatzen dizutenak; plataformetara iritsi berri den Black Dog horietako bat da. Txinako iparraldearen eta Mongoliako hegoaldearen artean dagoen Gobi basamortuan du abiapuntua, eta sekuentzia harrigarri bati esker, begiak pantailari itsatsita geratuko zaizkizue.
Txinako iparraldeko Gobi basamortuaren inguruan Lang izeneko preso ohia bere hirira itzuli da. Hiria guztiz hondatuta dago, apenas geratzen den jenderik bertan, eta milaka kale txakurrek inbaditu dute guztia. Horien guztien artean, bada txakur beltz bat —ustez amorrua duena—, eta hura harrapatzen duenari sari mamitsua eskainiko zaio. Langek, ordea, txakurra babestu eta harekin ihes egingo du.
Bien arteko lotura da filmaren bihotza, eta lotura horretatik abiatuz, une ilunenetan ere konpainia eta indarra aurkitu daitezkeela erakusten digu filmak. Eddie Peng aktoreak jokatzen du protagonistaren rola; isila, lehorra eta hitzik gabeko pertsonaia da, baina begirada bakoitzak milaka hitz gordetzen ditu.
Basamortuaren erdian hautsez betetako herri horretan, istorioa 2008ko Pekingo Olinpiar Jokoak baino lehentxeago girotua dago, eta eguzki eklipse baten ondoren. Bi gertakari horiek narrazioaren ardatz dira, elkarren kontrako sinbolo gisa dantzan. Filmak hiri bat nola desegiten den erakusten du, eta abandonatutako txakurrek hondatutako paisaia nola menperatzen duten. Istorioa errealismo soilean oinarritzen da, baina badu kutsu distopiko bat ere, elementu fantastikorik gabea.
Filmak erritmo lasaia badu ere, ikuslearen interesa amaierara arte mantentzea lortzen du. Tonua eta giroa oso bereziak eta indartsuak dira: noir-aren kutsua eta westernaren estetika batzen ditu, baina, muinean, drama sakon bat dago, ukitu poetiko eta komikoekin. Bere estilo bisualak kontenplaziozko esperientzia bihurtzen du, egungo ikuskizun narratibotik guztiz aldentzen dena.
Aitortuko dizuet Guan Hu zinemagile txinatarren filmografia oso gutxi ezagutzen nuela, eta orain, lan honi esker, bere obra sakonki arakatzeko ate bat ireki zaidala sentitzen dut.
Testuinguru erabat idor batean girotua dagoen arren, sentsibilitate handiko filma da; aurten iritsi den proposamenik indartsuenetako bat.