gaizka izagirre
Ekografiak

Txikienen pantailak

2024ko martxoaren 6a
05:00
Entzun

«Gaur egun aisialdia, bereziki gazteen artean, oso lotua dago pantailekin eta gozatzen dugun hizkuntzaren arabera horrek eragin zuzena du hizkuntza ohituretan. Ni, adibidez, Dragoi Bola-ren belaunaldikoa naiz, egunero ikusten genuen ETB1en eta biharamunean, ikastolan, bertako esaldiak bata besteari esaten genizkion…». Ezinago ados nago Pantailak Euskaraz-eko Xumar Altzugaraik GoienaTB-ko elkarrizketa batean esandako horrekin.

Oraindik oso txikia den arren, etxeko kasua jarriko dut adibide gisa. 3 urteko haurra daukagu, eta familian, eta ingurunean oro har, euskara da erabiltzen dugun hizkuntza bakarra. Gure txikiak orain gutxi arte ez zuen gaztelaniazko ia hitz bakar bat ere ezagutzen. Aurtengo ikasturtean ikastolan hasi denetik, ordea, errealitatea bestelakoa da; izan ere, gaztelaniazko hitz ugari esaten hasi da etxean. Argi dago zenbait haurren etxeko hizkuntza edo errealitate soziolinguistikoa bestelakoa dela. Sarritan, etxean euskara entzuten ez duten haur horiek ikastolan gaztelaniara jotzeko joera izaten dute, eta horrek eragina izan dezake gainerako haurrengan. Gure kasuan, ohartu gara gure txikiak esaten dituen hitz horietako asko marrazki bizidunetatik datozen gaztelaniazko esaldi eta hitz solteak direla. Irakasleari kezka helarazi genion eta familia-bileran gaia atera zen. «Bereziki jolas giroan murgilduta daudenean ateratzen da gaztelania», aipatu zigun irakasleak. Hori horrela, norberak etxean lantzeko galdetegi txiki bat prestatu nuen, horien artean: «Pantailetan, zuen haurrek zein hizkuntzatan ikusten dituzte edukiak?». Ia denen erantzuna «gaztelaniaz», «euskaraz ez dagoelako ezer». Berriro ere Pantailak Euskaraz-ekoek sarritan aipatzen duten «aisialdia, pantailak eta hizkuntza ohiturak» agerian.

Argi dago etorkizunean mundua euskaraz ulertu nahi badugu euskara gehiago behar dugula gure pantailetan. Azken hilabeteotan plataformetako euskarazko eskaintza asko handitu den arren, sentsazioa dut oraindik ere ez direla eduki horiek kontsumitzen. Arrazoiak ez ditut ezagutzen, baina arazoa «informaziorik eza» bada, hortxe duzue Zernonikusi.eus webgunea, adibidez. Etxeko txikiek pantailetan ikusten duten hori zaindu beharra dago, eta ez edukia bera bakarrik, baita hizkuntza ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.