Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Txisteari txistea

2017ko apirilaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Asko ez dela, Espainiako umoregile bati egindako elkarrizketa irakurri nuen. Behin, mahai inguru batean zegoela, harri eta zur gelditu omen zen hizlariek umoreari egozten zizkioten funtzioak adituta. Sistemaren aurka egiteko, injustiziak salatzeko eta bestelako asmo handietarako tresnatzat agertu zuten umorea. Beldurtu egin omen zen. Inork ez zion funtsezkoa duen balioa ematen, hau da, barre eragitekoa. Umorea gai serioegia da, batzuetan, eta nekez eragiten du barrerik, tamalez.

Ez naiz ni hasiko umoreak zer eta zertarako behar duen esaten. Ez dut nik epaituko zer den ziri edo txiste, eta zer ez. Ezta halakorik zeri buruz egin daitekeen ere. Erabaki pertsonalegiak iruditzen zaizkit. Ebatzi ditzala norberak, erabaki eta aukeratu, eta egindakoaren emaitzak onartu. Nik hala egiten dut, eta hala egiten dute nirekin ere. Besterik da azkenaldian gertatzen ari dena. Umorearen edo horren mugen izenean, adierazpen askatasuna da gero eta gehiago estutzen ari direna. Emaitzak, kasu horietan, umoreak berez dakartzanak baino urrunago iristen dira. Ez dira gaiari lotuak izaten, ezpada aurrez ondo diseinatutako estrategia murriztaile bati dagozkionak. Bestelako helburuak dituzte, gurean aski ezagunak direnak. Asko dira adibideak. Azkenetako bat Cassandra Veraren auzia izan da, epaitegiek zigortu orduko bolo-bolo zabaldu dena. Andreu Buenafuentek ere eskaini nahi izan dio babesa. Asteleheneko Late Motiv umore saioan, egiten dakiten moduan, tarte esanguratsua eskaini zioten gaiari. Zuzenean aipatu gabe, baina bost minutuz, bata bestearen segidan, Carrero Blancoren hilketari buruzko txiste ugari egin zituzten. Ez dut uste ordu txikitan etxeko atea behera botako dietenik aurkezle ezagunari edo haren erakundeko nagusiari. Horregatik, agian, hori izan liteke estrategia makur horiei aurre egiteko erabil daitezkeen erantzunetako bat. Lege injustu horien menean bizi eta eragiteko aukera dugunok, bakoitzak bere erara, egoera salatzea. Azken adibideak, izan ere, ekartzekotan zerbait positiboa ekarriko du. Baditu, hala ere, hurrengoetarako zer pentsatua ematen duten bi xehetasun. Bata, ezaugarri berak dituzten kasu guztiak direla gaitzesgarri. Ez batzuk soilik, ez bakarrik Verarena. Bestea, epaia jakinarazi aurretik eginez gero,indar gehiago izan dezakeela protesta erauntsiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.