Lide Hernando.
Ekografiak

Txotxongilo digitalak

2024ko martxoaren 5a
05:00
Entzun

Telebista kontsumitzeko eraren bilakaerak interesa eragin izan dit betidanik. Gurasoen etxean bizi nintzenean ez zegoen oraindik plataforma digitalen nagusitasunik. Gogoan dut nola gogaitu egiten ninduen afalostean El Hormiguero jartzen zutenean, baita haien erantzuna ere: «Neska, ez dago besterik!».

Gaur egun, telebista tradizionalik ia ikusten ez dugula esatea ohikoa da nire belaunaldiko eta hurrengoetako gazteen ahotan. Plataformetako eduki zabala kontsumitzera pasa gara, ustez fenomeno berri honek hautaketan askeago sentiarazten gaituelako; baina han eta hemen entzun izan dut plataformen errealitate berri hau ikuslearen hautua askatzetik oso urrun dagoela. Diot: nik ez dut La Casa de Papel gustuko, baina fenomenoak ia-ia behartu ninduen lehen bi denboraldiak ikustera… edo ez?

Izan ere, paradigma berri honetan, bada lehen telebistak zuen izaera ahalguztidun hori erreplika dezakeen pertsonaia berri bat: algoritmoa. Palabrasprohibidas.com izeneko webgune batean, oihartzuna egin didaten galdera batzuk planteatzen ditu Blutbad C kazetariak: «Joko digital honetan, entretenimenduaren industria kontsumo-erabakiak gureak direla dirudien espazio bihurtzen da, baina benetan hala dira? Ala algoritmoak arrakastatsua dela dioena soilik kontsumitzen dugun txotxongilo digitalak gara?».

Algoritmoa sugarra da artalde efektuarentzat. Ttandem.com webguneak Netflixen algoritmoaren funtzionamendua azaltzen du: plataformak erabiltzaileen interakzio-datuak jaso eta horrek gomendioen atala berrantolatzen du aldiro. Jakina da Netflixen gomendioen atalean agertzeko ekoiztetxe indartsuenek diru kantitate handia jartzen dutela. Jendeak, ostera, gomendioen atala baliatzen du normalean zer ikusi jakiteko. Diru gehien duten ekoizpenen gomendioetatik eta norberaren gustuaren konfort-zonatik askatzea, beraz, gero eta zailagoa bihurtzen da.

Gure joeren aldaketa bermatu ezin duen arren, algoritmoaren dinamiken gardentasuna ezinbestekoa da fenomeno berriak ulertu ahal izateko. Aitortzeko, azken batean, tv on demand izeneko eskaintza librearen kontu hau ez dela uste duguna bezain librea. Zentsura esplizitua frogatu ezin bada ere, botere-kontzentrazioa elite enpresarial eta kontserbadore baten eskuetan dagoela ezin da ukatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.